donostiako Nazioarteko Konferentzia

PSEk parte hartuko du Nazioarteko Konferentzian

Pastor bozeramaileak jakinarazi du berria. Gaur goizean hartu dute erabakia, zuzendaritzako bileran. "Bakea lortzeko pauso guztiak aintzat hartzeko modukoak dira".

2011ko urriaren 13a
16:20
Entzun

PSE-EE astelehenean Donostiako Nazioarteko Konferentzian izango da, gaur Jose Antonio Pastor alderdiko bozeramaileak jakinarazi duenez. Goizean hartu du erabakia PSEk, zuzendaritzaren bileran, "bakea lortzeko pauso guztiak aintzat hartzeko modukoak direlako. Beraz, konferentzian egon beharra dugu", esan du Pastorrek, prentsaurrekoan. Oraingoz, ez du iragarri PSEtik zein egongo den.

Pastorrek hori jakinarazi baino lehenago Iñaki Arriola Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak Radio Racional Espainiako irratian esan du ez direla egongo, baina iritzia aldatu du alderdiak ondoren. "Artean zuzendaritzako bilera egiteke genuen", zehaztu du Pastorrek.

Dena dela, Arriolak aitortu du Jesus Egiguren PSEko presidentea konferentzian izan daitekeela modu pertsonalean. "Guri ez digu baimenik eskatu baina, pertsonalki badoa, ez du zertan eskatu". Sozialisten Gipuzkoako buruak ez du Donostiako ekimenaren aurka hitz egin. "Beste bake prozesu batzuetako esperientziak kontatuko dituzten edo iradokizunak egin ditzaketen konferentzia baten aurka ezer ez dugu kontra". Baina "funtsezkoena" ETAk bere bukaera iragartzea dela uste du Arriolak.

Asteartean aurkeztu zuten Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentzia. Hauek dira ekimenaren sustatzaileak: Berghof FoundationConciliation ResourcesThe Desmond and Leah Tutu Legacy FoundationHarremanetarako Nazioarteko Taldea (Euskal Herria) eta Lokarri.

Eusko Jaurlaritzak (PSE) ez du parte hartuko. Patxi Lopez lehendakaria gaur AEBetara abiatuko da, hainbat enpresarirekin. Hilaren 22ra arte izango da han. Espainiako Gobernua ere ez da konferentzian izango, Ramon Jauregi Presidentzia ministroak asteartean zioenez. Atzo Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak esan zuen Espainiako Gobernuak "ordezkari anonimoak" izango dituela Nazioarteko Konferentzian, eta "informazio zuzena" edukiko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.