Gaur hasi eta datorren igandea bitartean aurkeztu ahal izango dituzte PSE-EEko lehendakarigai izateko hautagaitzak. Egungo idazkari nagusia izan da izena ematen lehena: Idoia Mendia.
Mendiak agerraldia baliatu du bere hautagaitzaren helburu nagusiak izango direnak zehazteko: "Sozialistak Jaurlaritzara itzuli behar dugu, aurrerapena eta askatasuna ezaugarri nagusi izango dituen herrialde bat eraiki ahal izateko. Autogobernuak ematen dizkigun aukerak baliatu behar ditugu, betiere, herritarren zerbitzura lan egiteko".
Bide batez, PSEko idazkari nagusiak nabarmendu du alderdiak "bete" egin dituela duela urte eta erdi ezarritako xedeak, eta, hala, egun, herri eta hiri gehiagotako gobernuetan egoteaz gain, hiru diputazioetako gobernuetan ere parte hartzen duela, "era horretan, herritarrentzako eskubide eta aukera gehiago bermatzen ditugu".