politika

PSErekin ere bilduko da EA

"Normalizazio politikoan sakondu beharra dago, gutxieneko demokratikoak eskuratzeko", esan du Pello Urizar idazkari nagusiak. Lehengo astean EAJrekin batu zen; aurreko asteetan ezker abertzalea eta biak Aralar, Alternatiba, sindikatu eta gizarte eragileekin.

2010eko irailaren 13a
16:02
Entzun
Euskal Herrian bakea eta normalizazioa lortzeko asmoz EA laster PSE-EErekin ere bilduko da, gaur Pello Urizar EAko idazkari nagusiak esan duenez. Lehengo astean Urizar bera Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentearekin batu zen Bilbon. EAk eta PSEk lotu barik daukate batzar eguna. PPri bilera eskatu diotela adierazi du Urizarrek, halaber.

EAk eta ezker abertzaleak Lortu arte lankidetza akordioa sinatu zuten ekainaren 20an, bide politikoen eta euskal estatuaren aldekoa, eta hori eta horren garapena azaltzeko elkarrekin batzarrak egin dituzte azkeneko asteetan Aralar, Alternatiba, sindikatu eta gizarte eragileekin. Urizarrek gaur aipatu du EAren apustua akordio zehatz horretatik "harantz" egindakoa dela, eta horixe esplikatzeko asmoa dutela sozialistei.

"Lehen pauso gisa, normalizazio politikoan sakondu beharra dago, gutxieneko demokratikoak eskuratzeko", adierazi du EAko idazkari nagusiak. Guztiek eman behar dituzte aurrerapausoak, haren arabera. "Denok esaten dugu ezker abertzaleak mugimenduak egin beharko dituela, baina eragile sozial, sindikal eta politiko denok lagundu egin behar diogu mugimendu horretan, ekarpena egin behar dugu. Bakea lortzea ez da abertzaleen kontua bakarrik; guztiona da". PSOE gaur egun urduri dagoela iritzi dio Urizarrek.

"Batasunak agintzen dio ETAri"

Urizar EAko idazkari nagusiak adierazi du "Batasunak ETAri agintzen" diola, eta ezker abertzaleko ordezkariek EAri jakinarazi diotela prozesuak aitzinera eginen duela, alderdirik legeztatzen ez badute ere. "Bestela, gu ez ginen sartuko", zehaztu du. "Ez dugu utziko ETAk denborak marka ditzan, ezta prozesuaren bermea izan dadin ere". Ezker abertzaleak bide politiko eta demokratikoen alde eginiko hautua bere oinarrien "agindua" dela erran du Urizarrek, eta "ezker abertzalearen egitura guztiak erantzun beharrekoa" dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.