Gobernu berriarekin hizkuntza politikak «geldialdi» bat izan duela adierazi zuen Arantza Aurrekoetxea EAJko legebiltzarkideak: «Gobernu sozialistak ez dio jarraitu euskal gizartearen iritziak biltzen dituen Euskara 21en erritmoari». Euskara 21 XXI. mendean hizkuntza politikaren oinarriak definitzeko aurreko gobernuak bultzatutako ekimen bat da. Ekimen horren oinarri guztiei jarraitzeko eskatu zion Aurrekoetxeak gobernu sozialistari.
EAJk aurtengo ikasturterako hezkuntza eta euskararen inguruan dituen egitasmoak aurkeztu zituen atzo Sabin Etxean. Amaia Espinosa EAJko EBBren hezkuntza arduraduna eta Belen Greaves EBBko idazkaria izan ziren prentsaurrekoan. Hiru eleko hezkuntza eredua aipatuta, Jaurlaritzak aurkeztu duena «osatu gabe» dagoen proposamen bat dela agertu zuen Aurrekoetxeak, «helburuak ez dituztelako ezarri». Horrela hizkuntzen maila hobetu den ala ez jakiterik ez dagoela uste du Aurrekoetxeak. Bakerako hezkuntza irakasteko Jaurlaritzak ez duela material didaktikorik prestatu adierazi zuen, bestalde, Greavesek. «Hori da errealitatea, eta ez du EAJk esaten, hezkuntza eragileek esaten dute».Eta ikasturtea jadanik hasi dela azpimarratu zuen idazkariak.
Hezkuntza eta euskara egitasmoei dagokienez, euskara orotariko komunikazio eremuetan «ezinbesteko tresna» bihurtu nahi dutela azaldu zuen hezkuntza arduradunak. Lan mundurako ibilbideak lekua izango duela adierazi zuen, eta unibertsitatekoprozesu berriaren erronkak eta berrikuntzaren garrantzia nabarmendu zituen. Ikasturtea hasteko, guraso elkarteentzako ikasmaterialaren inguruko jardunaldia egingo du EAJk. Horren atzetik, lanbide heziketa, udaletako hizkuntza politika, berrikuntza pedagogikoa eta helduen euskalduntze prozesua etorriko dira, besteen artean. EAJk «euskal kulturaren sen berri eta indarberrituaren alde» egingo duela azaldu zuen Espinosak, inguru eleaniztun orokor batean: «Euskadik propio duen hizkuntza, euskara, ardatza delarik».
PSErekin euskarak «geldialdia» izan duela salatu du EAJk
Jaurlaritzak ez duela bakerako hezkuntzarako material didaktikorik prestatu ohartarazi dute EBBko ordezkariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu