Espainiako Gobernua (PSOE)-EAJ akordioaren arabera, Espainiako 2011ko aurrekontuetan 120.000 euroko diru saila izango da Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren azterketarako, eta PSE-EEk Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuari ohartarazi dio ez zaio ondo iruditu gai hori sartzea negoziaketan. Izan ere, gaurko Eusko Jaurlaritzak (PSE) ez du ontzat jo egitasmoa.
"Zapatero, agian, pasatu egin da", adierazi du gaur Mikel Torres PSEko Antolakuntza idazkariak. Honek aitortu du Zapatero "itota" zegoela Kongresuan aurrekontuak onartzeko, EAJren beharra zeukala "salbatzeko", eta horregatik sartu duela Urdaibaiko Guggenheimen diru poltsa akordioan. "Ez zaigu gustatu, ordea", esan du Torresek. "Ez zuen gai hori hitzartu behar".
Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak ere egin zuen kritikarik larunbatean: "Krisi garai honetan gaizki erabilita dagoen dirua dela iruditzen zaigu".
Bestela, PSEri ondo iruditu zaio Gobernua-EAJ hitzarmena, EAEko Estatutua betetzen jarraitzeko balio duelakoan. "Gainera, hitzarmen horri esker Espainiako 2011ko aurrekontuak aurrera aterako dira. Hori Espainiarentzat ona bada, Euskadirentzat ere ona da".
politika
PSEri ez zaio ondo iruditu Zapaterok EAJren negoziaketan Urdaibaiko Guggenheim sartzea
120.000 euroko diru saila izango da proiektuaren azterketarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu