Psikologo kontsultak ordaintzen hasiko da Gizarte Segurantza Iparraldean

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri du 3 urtetik aurrerako herritarrentzat aplikatuko dutela neurria.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, osasun mentalaren jardunaldietan, atzo. GONZALO FUENTES / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko irailaren 29a
12:02
Entzun

Buruko osasunaren eta psikiatriaren jardunaldiak atzo amaitu zituen Frantziako Gobernuak. Frantziako presidente Emmanuel Macronek iragarri zuen Gizarte Segurantzak bere gain hartuko dituela psikologo kontsulten ordainketak. Halere, medikuaren aginduz joaten direnei bakarrik aplikatuko zaie neurria, 3 urtetik aurrera. Gainera, prezio finko bat aplikatzen duten psikologoentzat soilik balioko du ordainketak: lehen kontsultak 40 eurokoa izan beharko du, eta gainerako seiek 30 eurokoak. Izan ere, hastapenean zazpi kontsulta egiteko balioko du neurriak, baina terapia luzatzen ahalko da medikuaren agiriaren bidez.

Macronek azaldu du ezen, pazienteentzat ez ezik, «zailtasunak dituzten» psikologoentzat ere badela neurria. «Kontsultak egiteko neurri hori bada beren lanbidetik bizi ezin diren psikologoentzat ere». Hala, 30 eta 40 euro baino tarifa goragoa duten kontsultak ez ditu bere gain hartuko Gizarte Segurantzak. Macronek ez du zehaztu noiz sartuko den neurria indarrean, baina hitzeman du 2022. urterako funtzionatuko duela.

Bestalde, Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak goiz honetan adierazi du larrialdi psikologikoetarako zenbaki bat jarriko duela martxan Frantziako Gobernuak, eta etzitik aitzina izanen da abian. 3114 zenbakia izanen da; asteko egun oroz funtzionatuko du, 24 orduz jarraian. Psikiatriako langileek kudeatuko dute linea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.