PSk 14.762 boto irabazi ditu Ipar Euskal Herrian; UMPk 18.822 galdu ditu

Sozialistak garaile atera dira laugarren eta bosgarren barrutietan; seigarrenean, haatik, UMPren atzetik dira

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Frantziako Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan baino 14.762 boto gehiago bildurik, argi da uhain arrosa berriro ere sentitu dela Ipar Euskal Herrian. Parean, UMPk 18.822 boto galdu ditu, eta zentristek, 6.631. Duela zazpi urte ez bezala, lehen kokatu dira hautagai sozialistak laugarren eta bosgarren barrutietan. Frantxua Maitiak, botoen %32 lorturik, Jean Lassalle orain arteko diputatu zentristari nagusitu zaio laugarren boz eremuan, eta Colette Capdevielle ere berdin, bosgarrenean Jean Grenet (Alderdi Erradikala, UMP) diputatuari gailendu zaio, botoen %37,70 bildurik. Nahiz lehen postuan ez kokatu, seigarren barrutian ere sentitu da sozialisten gorakada, 2007arekin erkatuta, 5.848 boto irabazi dituelako Sylviane Alauxek. Aitzinekoan, 28 puntuko tartearekin nagusitu zitzaion Michele Alliot-Marie (UMP); aldi honetan, berriz, 3,8 punturen aldea du bakarrik.

4. eta 6. eremuetan, tinko

Grenet eta Capdeviellen arteko tarte handia ikusirik eta jakinda ezkerreko boto andana bat bilduko dituela bigarren itzulian, diputatu izateko aukera handia du sozialistak.

Haatik, aferak tinkoagoak dira laugarren eta seigarrenean. Haien aulkia galtzeko arriskua dute Lassallek eta Alliot-Mariek, eta sozialistek, berriz, ez dute hain errazki irabazia. Sozialistek ezkerrean eta UMPk eta zentristek beste aldean, boto erreserba berdintsuak dauzkate. Boz-emaile abertzaleez gain, bozkatzera joan ez diren %40k egin dezakete ezberdintasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.