Lehengo astean Izpuran itxialdia egin zuten zortzi gazte independentistetatik bakarra geratzen da libre —Irati Tobar—, beste zazpiak azken egunetan atzeman dituelako Frantziako Poliziak, eta Tobar ere Ipar Euskal Herriko hautetsien eta eragileen babes handia jasotzen ari da. BERRIA.INFOk esan dezakeenez, bart PSko hautetsi baten etxean egin du lo hark. Atzo arratsean Hendaiako herriko etxeak bilkuran erabaki zuen Tobarri babesa ematea.
Poliziak atzo jarrera bortitza izan zuen Endika Perez atzematean, hautetsi batzuek salatu dutenez.
Gazteek iaz egin zuten ihes Ipar Euskal Herrira, Espainiako poliziek Segi gazte erakundearen aurka egindako operazioaren ondoren. Espainiako Auzitegi Nazionalak haien aurkako euroagindu eskaera egin zuen, eta horregatik atxilotu dituzte.