Nafarroako Gobernuak gaur eraman du parlamentura 2011ko kontuen lege proposamena. 3.969 milioi euroren gastuak aurkeztu ditu, eta 4.039 milioi euroren diru sarrerak.
Sergio Sayas UPNko parlamentariak esan du gobernuak arduraz kudeatu zuela dirua "garai zail horretan". PPk argudiatu du absenitu direla 2011n ez zuelako ordezkaritzarik parlamentuan.
Juan Jose Lizarbe PSNkoak, berriz, esan du ez dutela alde bozkatu kudeaketa txarra izan zelako, "batik bat urtearen lehen sei hilabeteetan". Gaineratu du bigarren sei hilabeteetan, "koalizio gobernuari esker", ahal zena egin zutela.
Mayorga Ramirez Bildukoak, hain zuzen, nabarmendu du UPN eta PSNren arteko akordio baten ondorioz onartu zela aurrekontua. "UPN bakarrik zegoen gobernuan, eta hauteskundeetara begira kudeatu zituen kontuak".
Patxi Zabaleta Aralar-NaBaikoak azaldu du 2011ko aurrekontuen kontra izan zirela eta orain kontu horiek ez dituztela onartuko. Nabarmendu du, ordea, UPN gutxiengoan egon arren aurrera atera direla kontuak. "Ez onartzeak ondorio bitxia ekarriko luke".
Jose Miguel Nuin Ezkerrakoak esan du koherentziaz bozkatu dutela kontuen onespenaren aurka. "Krisiak gora egin zuela esan du [Goikoetxea Ekonomia kontseilariak], baina ez da egia hori aurreikusi ez zenik". Murrizketak horren ondorio direla salatu du.