Nafarroako gobernuaren haustura

PSNk baztertu egin du UPNrekin lankidetzan jarraitzea

Nafarroako Gobernuko koalizioa hautsi egin da, Barcina lehendakariak kargutik kendu ostean Jimenez lehendakariordea. PSNko beste bi kontseilariek dimisioa eman dute. UPNk esan du PSNrekin lankidetzan segitu nahi duela gobernatzen, baina prest dago gutxiengoan egoteko, hauteskundeak aurreratu gabe.

2012ko ekainaren 15a
19:47
Entzun

Yolanda Barcina (UPN) Nafarroako Gobernuko lehendakariak kargutik kendu arren Roberto Jimenez (PSN) Nafarroako presidenteordea, UPNk iragarri du lehenik, 14:30eko prentsaurrekoan, eta Barcinak berak ondoren, 17:00etakoan: PSNrekin lankidetzan jarraitu nahi du UPNk, eta gobernu akordioan segitzeko eskaera egin dio.

Baina PSNk 19:00etan emandako prentsaurrekoan erantzun du Barcinak gobernutik sozialistak "kanporatu" izanak ez duela erremediorik. Jimenez idazkari nagusiak hari "adinez nagusia” izateko eskatu dio. "Ez dago atzerabueltarik, eta argi esan dio PSOEko idazkari nagusiak eta hala esaten diot nik”.

Jimenezek bera lehenago Twitterren idatzi du Nafarroan "garai berri bat ireki" dela, eta bere alderdiak "ilusio eta gogo handiagoarekin" ekingo diola. Arratsaldeko prentsaurrekoan ez du zehaztasunik eman. Oposizioko beste alderdiekin gobernua osatzeko aukerari buruz esan du zuzendaritzak ez duela aztertu, eta denak bere denbora behar duela.

PSNren lehentasuna orain parlamentuan diru kontuei buruzko ikerketa batzorde bat eskatzea izango da. UPN gezurretan ari dela azpimarratu du Jimenezek, eta, egiturazko defizitaren inguruan informazioa eskatuta, lehendakariaren erantzuna kargugabetzea izan dela nabarmendu du.

Barcinak, batez ere PSNko idazkari nagusiaren aurka jo du prentsaurrekoan. Goizean bezala, ”leialtasun falta” leporatu dio. ”Gobernu honek ezin dio konponbidea eman herritarren benetako arazoei. Gobernu hau arazoak sortzen ari zen”, esan du sozialisten buruagatik, eta gaineratu du Nafarroak ez duela merezi ”presidenteorde hau”. 

Nafarroako lehendakariak jakinarazi du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin hitz egin duela. "Rubalcabari esan diot PSNren eta UPNren arteko gobernu akordio batean sinisten dudala, Nafarroak egonkortasuna izan dezan”. PSOEko buruak ohartarazi omen dio hori zail dagoela.

Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak lehenago esan du "Nafarroaren egonkortasuna" dela haien xedea eta horretarako "formularik egokiena" sozialistekin lankidetzan segitzea litzatekeela.

Barcinak gutxiengoan gobernatzea posible ikusten du UPNk. Garcia Adaneroren arabera, hauteskundeak aurreratzeari buruz ez dute hitz egin zuzendaritzaren bileran. Barcinak arratsaldean adierazi du gutxiengoan gobernatzeko prest dagoela, eta legealdi honetan Foru Hobekuntzan sinisten duten alderdiekin adosteko prestasuna agertu du.

Jimenezek ihardetsi du UPNk gutxiengoan gobernatzeko arazoak izango dituela.

UPNk 19 parlamentari ditu, PSNk 9, NaBaik 8, Bilduk 7, PPNk 4 eta Ezkerrak 3.

Hausturaren berri, gaur

Gaur goizaldean izan da Nafarroako Gobernuaren hausturaren erabakiaren berri, eta Barcinak goizean baieztatu du. "Hartzen zituen erabaki aldakor horiekin herritarren arazoei aurre egitea zaila da", esan du presidenteak parlamentura iritsi denean.

Jimenez kargutik kendu ostean, PSNk gobernuan zituen bi kontseilari Elena Torresek eta Anai Astizek dimisioa eman dute. Astiz bera ez da egon Irurita eta Elizondo arteko saihesbidearen inaugurazioan. 

Barcinak goizean legebiltzarrera sartu aurretik azaldu du ezin dela "oposizioan" egon eta aldi berean gobernuaren parte izanik gobernu horren egiazkotasuna zalantzan jarri.

Orain bi aste hasi zen krisia

UPNk 132 milioi euroko doikuntza iragarri ondoren, PSNk ohartarazi zuen UPNk atzera egin ezean "gobernua hautsi" egingo zela. Jimenezek Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin egindako bileran, hain zuzen, "leialtasuna" eskatu zion UPNri.

Denbora gutxian hiru aldiz aldatu du UPNk diru sarreren jaitsieraren aurreikuspena, eta kontuen gaineko zalantzak handitu egin dira. Atzo Jimenezek adierazi zuen Nafarroako kontuetan dagoen zuloa "132 milioi eurokoa baino dezente handiagoa" dela. Parlamentuan ”ikerketa batzorde bat” eskatu du gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.