PSNk egin dezakeen gauzarik onena UPNrekin batera osatzen duen Nafarroako Gobernutik ateratzea dela uste dute NaBai eta Bildu koalizioek, eta halaxe jakinarazi ziotenatzoTxentxo Jimenez eta Maiorga Ramirez bozeramaileek.
Txentxo Jimenezek prentsa ohar baten bidez esan zion «eskuinarekin gobernuan sartuaren hutsegiteaz» jabetu bada, handik atera, eta eskuinari «bere lan zikina» egiten uzteko. Horretaz gain, «gero eta beharrezkoagoa eta presazkoagoa den aldaketarako egin beharreko ibilbidea» elkarrekin egiteko konpromisoa azaldu dio, «garai honi lehenbailehen amaiera emateko». Nafarroako Gobernua «une oro krisian» dagoela uste du NaBaik. «Egoera eskizofrenikoan» ikusten du PSN, PPk Madrilen egiten dituen politikak salatzen dituelako, baina, Nafarroan ildo bereko politikak babestera behartuta dagoelako.
PSNrentzako «irtenbide duin bakarra» gobernutik ateratzea dela dio Bilduk ere, eta gobernua uzteko keinuak egiteari utzi eta erabakia hartzeko eskatu dio. Gobernua «impasse» egoeran uzteko erabakia «larria» dela salatu du Maiorga Ramirezek, eta PSN etaUPN «irudi negargarria» ematen ari direla gaineratu du. «Egoera ekonomiko honetan» gobernua «geldiaraztea» arduragabekeria da Ramirezen ustez, eta gizartearen beharrei ez begiratzea aurpegiratu die bi alderdiei.
Bilduko gainerako legebiltzarkideekin emandako prentsaurrekoan esan zuen «Nafarroan existitzen den gehiengo politiko eta soziala instituzioetan isla dadin» formula guztiak babesteko prest dagoela. Bakartxo Ruiz legebiltzarkideak gaineratu zuen Nafarroako gizarteak ez duela «hondoratze eta ezjakintasun egoera hau» merezi. «Ez dakigu gobernua nork osatzen duen».
PSNk gobernua uztea nahi dute NaBai eta Bilduk
Gobernua «geldituz» arduragabekeriaz jokatzea egotzi die Maiorga Ramirezek PSNri eta UPNri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu