Nafarroa Baik (12 eserleku), PSNk (12) eta IUk (2) 26 eserleku lortu dituzte hiruren artean Nafarroako Legebiltzarrerako, bat eginez gero gehiengo osoa lukete, baina, akordioa lortzeko, Fernando Puras PSNren lehendakarigaiak Nafarroa Bairi politika sozialak lehenesteko eskatu dio. "Nafarroa Baik hauteskunde kanpainan apaldu egin du soslai abertzalea eta gizarte politikak azpimarratu ditu. Ikusi egin beharko da hurrengo egunetan hori egiaztatzen den edo ez; hau da, horretan nabarmentzen eta ez horrenbeste bere proiektu abertzalea aurrera eramaten. Azken hori gertatuko balitz, oso eragozpen garrantzitsuak izango genituzke akordioetarako", esan du gaur goizean Purasek.
Patxi Zabaleta NaBairen lehendakarigaiak uste du "hurbilketa" egon dela PSNren eta bien artean, "eta aukerak egon badaude bestelako gobernu bat, gobernu aurrerakoia, gobernu tinkoa, egitarau zehaztua eta eztabaidatuan oinarritutako gobernua eraikitzeko". Zabaletak gaur esan duenez, gobernu aurrerakoia osatzea da eurek lehenesten dutena, eta ez horrenbeste kargu banaketa.
NaBai dagoeneko harremanetan jarri da PSNrekin eta IUrekin, eta bihar eratuko du talde negoziatzailea.
Gaspar Llamazares Espainiako IUren koordinatzaile nagusia NaBaik, PSNk eta IUk bat egitearen alde azaldu da, "gobernu aurrerakoia eta soziala" osatzeko.
UPNk (12) CDNrekin (2) batera gehiengo osoa galdu du Nafarroako Legebiltzarrean, eta gaur hura ere PSNri zuzendu zaio. "Erantzukizunez" jokatzeko eskatu dio, UPNrekin akordioak lortuta. "Hori da Nafarroako gizartearen gehiengoak nahi duena", esan du Alberto Catalan buruzagiak. Haren ustez, "hauxe da benetako unea" PSNk eta NaBaik akordioak eginak dituzten ikusteko, eta "PSNk aukera ezinhobea" dauka bestelako akordioak egiteko.
Gaur goizean bertan Miguel Sanz UPNren lehendakarigaiak eta Purasek hartu-emana izan dute. "Inork ez du baztertu UPN-PSN hitzarmena eta ate denak zabalik daude", adierazi du Catalanek.
Ekainaren 20ra arteko epea dute alderdiek hitzarmenetara iristeko.
Iruñeko Udalean ere aldaketarako aukera
Iruñeko Udalean ere aldaketa emateko aukera sortu da: UPNk 13 zinegotzi lortu ditu, eta NaBairen, PSNren eta EAE-ANVren artean 14 (8, 4 eta 2, hurrenez hurren". Uxue Barkos NaBairen alkategaiaren ustez, "ez litzateke ulergarria" PSNk UPNren Alkatetza ahalbidetzea. "PSNk esan beharko du aldaketaren alde dagoen".
EAE-ANVri "arduraz" jokatzeko eskatu dio Barkosek.
Marine Pueyo EAE-ANVren zerrendaburuak erantzun dio "aldaketarako borondatea" badutela, baina berak ere NaBairi "ardura politikoz" jokatzeko eskatu dio.
M-27. Hauteskunde ondorena. Nafarroa
PSNk politika soziala lehenesteko eskatu dio NaBairi akordioetara iristeko
Zabaletak dio aukerak badaudela Nafarroan "gobernu aurrerakoia" lortzeko. UPNk "erantzukizunez" jokatzeko eskatu die sozialistek, eurekin akordioak eginez. Goizean Sanzek eta Purasek hartu-emana izan dute eta "inork ez du baztertu UPN-PSN hitzarmena".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu