'Parot doktrina'

PSNk UPNrekin harremanak etetea aztertuko du, Tafallako mozioaren harira esandakoak zuzendu ezean

UPN bakarrik geratu zen atzo Tafallan Del Rioren "curriculum ankerra" gaitzesteko mozioan. PSNk, Bilduk eta ITk ez zuten parte hartu osoko bilkuran. Roberto Jimenezek PSNko zinegotzien jarrera babestu du.

2013ko urriaren 30a
15:11
Entzun

Ines del Rio euskal preso ohiaren "curriculum ankerra" gaitzesteko mozio bat onartu zuen atzo Tafallako Udalak —bertakoa da Del Rio—. UPN, baina, bakarrik geratu zen mozioaren defentsan. Baita osoko bilkuran ere, bozketan ez baitzuten parte hartu PSNk, Bilduk eta IT Tafallaren aldeko ekinbideak. UPNk gaur PSNren jarrera "koldarra" dela esan du. Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak baina Tafallako zinegotzien jarrera babestu du.

Jimenezek azaldu duenez, iragan astean herriko PSNko zinegotziekin batzartu zen, eta hark berak esan zien zer egin: "Inork ez diezaiela haiei erantzukizunik eska; neure ardura izan da". Jimenezen ustez, "horrelako gaiak ezin dira horrenbesteko arintasunez osoko bilkuretara eraman; gai horiek beti izan dira adostasunezkoak eta ezin dira apurtu". Zazpi zinegotzi ditu UPNk Tafallan; Bilduk, sei; PSNk, hiru; eta ITk, bat.

PSNk UPNri eskatu zion proposamena erretira zezala, "interes politikoak" bilatzen zituelakoan. Sotak "tamalgarritzat" jo du PSNren jarrera: "Bildurekin egon nahi du, eta hala dago". Bilduko zinegotzi Arturo Goldarazenak, berriz, Estrasburgoren epaia defendatu du, eta gaineratu ebazpena ez dela "indar politiko baten garaipena, gizarte osoarena baizik".

"Ordaindu du"

"Demokrata gisa" "botereen banaketan" sinisten duela azaldu du Jimenezek, eta gaineratu "zuzenbidezko estatuak funtzionatu" duela. "Espetxetik irten den pertsona batek ordaindu du gizartearekiko ordaindu behar zuena, eta hori terrorismoaren biktimekiko begirunez esaten dut", adierazi du.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren aurkako ebazpena emanda, hilaren 21ean aske utzi zuten Del Rio, baina, erabakiaren kontrako "haserrea" azaltzeko, mozio bat aurkeztu zuen UPNk Tafallako Udalean. Cristina Sota alkatearen arabera, "biktimentzat eta gizartearentzat iraina" da Del Rio aske utzi izana.

UPNko komunikazio arduradun Sergio Sayasen esanetan, "doilorra, koldarra eta ulergaitza" izan zen PSNko zinegotzien jarrera, eta "erantzun bat" eskatu dio Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiari.

Adierazpen horien harira, ordea, Santos Cerdan PSNko Antolakuntza idazkariak hitz egin du. Sayasen hitzak zuzentzeko eskatu dio UPNri, eta hala egiten ez badu, ohartarazi dio bi alderdien arteko harremanak etetea aztertuko duela PSNk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.