Azkenean ezustekorik ez da izan: PSNko hamabi parlamentariek PSOEk agindutakoa bete dute, eta Miguel Sanzen kontrako botorik eman ez dutenez, UPNko zerrendaburuari Nafarroako presidentetza hartzen utzi diote. Zehazki, honakoa izan da bozketaren emaitza: Sanzen aldeko 24 boto (UPNren 22 eta CDNren 2); kontrako 14 (NaBairen 12 eta NEBren 2); hamaika boto zuri eta abstentzio bat (guztiak PSNko kideenak).
Bigarren bozketa honetan Sanzek nahikoa zuen gehiengo sinplea presidente hautatua izateko; hau da, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izatea, eta aukera horixe eman diote PSNko parlamentariek beren botoen bidez.
Bozketaren aurretik tentsio uneak bizi izan dira Nafarroako Parlamentuaren atarian, PSNko kritikoek PSOEren erabakiaren eta UPNri gobernua ematearen kontrako elkarretaratzera deitu baitute. 16:00etan zuten hitzordua, eta ta ehunka lagun batu dira ordu horretan Nafarroako Parlamentuaren atarian. Iruzurrik ez jartzen duen pankarta zabaldu dute, eta Eskuak gora, hau atrako bat da oihukatu dute etengabe. Oihuak eta txistuak areagotu egin dira PSNko parlamentariak iritsi direnean- traidoreak eta antzekoak esan dizkiete-, eta, batik bat, Carlos Chivite Nafarroako sozialisten idazkari nagusia heltzean.
Miguel Sanzen kontra bozkatzeko eskatu diete hamabi parlamentariei han bildutakoek, eta horrenbestez, UPNren gobernua eragozteko. Gainera, halakorik egin ezean dimisioa emango dutela iragarri dute PSNko zenbait hautetsik, besteak beste, Batzorde Eragileko hiru kidek.
PSNko parlamentariek PSOEk agindutakoa bete dutenez, Sanz presidente gehiengo sinplez
Sozialisten hamabi ordezkarietatik hamaikak boto zuria eman dute eta hamabigarrena abstenitu egin da. Beraz, aldeko 24 boto eta kontrako 14 jaso ditu UPNko zerrendaburuak, eta gehiengo sinplea erdietsi du. Bozketa aurretik tentsio giroa bizi izan da Nafarroako Parlamentuaren atarian, PSNko ehunka kide eta jarraitzaile kritikok elkarretaratzea egin baitute PSOEk ezarritako betoaren kontra protestatzeko. Oihuka eta irainka hartu dituzte PSNko parlamentari eta buruzagiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu