PSOEko eta PPko buruzagiek bart goizaldean itxi dute Espainiako Konstituzioan administrazio publikoen defizitari muga ezartzeko akordioa. Konstituzioan aurrekontuen egonkortasuna bermatu beharra ezarriko dute printzipio orokor gisa; hots, egiturazko defizitak ezingo duela Europako Batasunak ezarritako mugarik gainditu. Baina gehieneko defizitaren muga zehatza ez da Konstituzioan jasoko, baizik eta beranduenez 2012an onartuko den lege organiko bidez garatuko dute. %0,4an finkatu dute lege organikoz ezarri beharreko defizitaren muga hori, eta 2020tik aurrera jarriko da indarrean.
Konstituzioan defizitaren muga zehatza finkatu edo ez izan da PSOEren eta PPren arteko negoziazioetan eztabaida handienetako bat. Izan ere, Alfredo Perez Rubalcaba presidentegai sozialistaren sektoreak ez zuen nahi Konstituzioan kopuru zehatzik finkatzerik. Agidanez, azkenean haien irizpidea nagusitu da.