Ferraz kalean ospakizunetarako irrikitan zeuden PSOEren jarraitzaileak atzo gaueko 22:00etan, duela 8 urte Jose Maria Aznarrek Felipe Gonzalezi kendutako gobernua berreskuratzeko. Botoak zenbatzen joan ahala, inkestek iragartzen zituzten emaitzei buelta ematen ari ziren sozialistak. Madrilgo atentatuengatiko dolua irribarre bihurtzen zuen garaipenak, jarraitzaileen aurpegietan. PPren gehiengo absolutua gertu ematetik PSOEren alderantz zijoan balantza. Minutu batzuk geroago, botoen erdia zenbatuta zegoela, garaipena aldarrikatu zuen Jose Blanco PSOEko antolaketa idazkariak. Emaitzek 160 diputatu ematen zizkioten PSOEri (botoen %43,52), 140 PPri (%36,64), eta IUri 5 (%5,09). Zapatero presidente, joan daitezela, eta Gobernuak bere gezurrak ordaindu ditu oihukatzen zuten jarraitzaileek.
Madrilgo atentatuak hauteskundeen emaitzetan erabakigarriak izan direla argi dirudi. Goizean goiz, txistuen artean eman behar izan zuten botoa PPko buruzagiek, Aznar jarduneko presidentea eta Mariano Raxoi PPren hautagaia barne. «Gezurti» deitu zieten, botoak irabaztearren jendea nahasten saiatu direlakoan, azken egunetan, erasoaren egiletzaren inguruan. Atzerriko agintari eta korrespontsalek onartu eta salatu dute Madril presio egiten aritu zitzaiela, atentatuen atzean ETA zegoela zabaltzeko. Gertaerek jendea oldeka mugiarazi dute. Hala, botoa ematera deituta zeuden 34 milioi hautesleetatik %76,62k hartu zuten parte bozetan, duela lau urte baino %8 gehiago.
Aldaketak
Botoen %98,89 zenbatuta, 164 diputatu zituen PSOEk, 2000n baino 39 gehiago. PP bigarrena zen 148 diputaturekin (35 gutxiago) eta Izquierda Unida IUk 5 eserleku zituen Kataluniako ICVk lortutako 2ak barne (3 diputatu gutxiago). Sozialistek, beraz, nabarmen egin zuten gora, bai boto kopuruan bai diputatu kopuruan. IUk soilik puntu erdiko jaitsiera izan du botoetan 2000ko emaitzekin alderatuz, baina askoz handiagoa diputatu kopuruan.
Sozialisten garaipena batez ere PPren gainbeheragatik izan da eta ez alderdi txikiagoen jaitsieragatik. Coalicion Canariak adibidez diputatu bakarra galdu zuen eta Chunta Aragonesistak lehengoari eutsi zion. Autonomia erkidegoak oro har hartuta emaitzak irauli ez ziren arren, Madrilen esaterako PSOE garaipenetik 25.000 botora geratu zen eta lehen PPren esku zegoen Extremaduran irabazi zuen. Mariano Raxoi Aznar eta Rodrigo Rato buruzagiak, kopetilun, inguruan zituela agertu zen jendaurrean. Oposizio «leiala» egingo zuela agindu zuen Raxoik.Gaueko protagonista Zapaterok 23:00etan egin zuen agerraldia. Minutu bateko isilunea eskatu zuen Madrilgo atentatuetako biktimentzat eta jarraian «aldaketarako» garaia zela adierazi zien Ferrazeko egoitzan bildutakoei.
ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK. EMAITZAK
PSOE, ezusteko garailea
Madrilgo atentatuen ondoren, parte-hartzea %8 igo da eta hautesleek PP zigortu dute inkestek aurreikusitakoaren kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu