Pernando Barrena ezker abertzaleko buruzagiak gogor salatu bart gaueko operazioa, PSOE mendekua hartzen ari dela iritzita. "Oso garbi daukagu atzoko operazioa PSOEk, Fiskaltzaren onespenarekin, bultzatutako operazio politikoa dela, euskal indepentismoaren aurkakoa eta zigorra eta mendekua bilatu nahi dituena, negoziazio prozesuan ezker abertzaleak erakutsi duen jarrera tinkoagatik eta burua makurtzen ez uzteagatik PSOEk inposatu nahi zuenaren aurrean". Hauteskundeetako lehiari begira PPri aurrea hartzearren sartu dela PSOE dinamika horretan erantsi du. Donostian, Martuteneko espetxearen aurrean egin ditu adierazpen horiek Barrenak, kartzela atarian, Jone Goirizelaia eta Bairbre de Brun Sinn Feineko europarlamentarioa eta Pat Rice alderdi bereko kidea alboan zituela.
Izan ere, ekainetik espetxean den Arnaldo Otegiri bisita egin diote gaur De Brunek eta Ricek, eta horren harira, sarekadaren berri izan aurretik jarrita zuten komunikabideekin hitzordua. Operazioa salatzeko baliatu du Barrenak. Gainera, jende ugari bildu da ekitaldi horretan atxiloketen kontra protestatzeko.
PSOE "mendekua hartu nahian" dabilela salatzeaz gain, euskal herritarren beren etorkizuna erabakiko dutela aldarrikatu du Barrenak, eta "mila atxiloketak" ere ez dutela hori eragotziko.
23 atxilotu eta miaketak
Guztira 23 lagun atxilotu ditu bart Espainiako Poliziak Batasunaren kontrako sarekadan, Seguran eta Olaberrian (Gipuzkoa).
Iluntzeko bederatzi eta erdiak aldera egin dituzte lehendabiziko atxiloketak: auto berean zihoazen Joseba Permach eta Juan Joxe Petrikorena gerarazi dituzte Olaberriko Carrefouren saltokian, eta biak atxilotuta eraman. Segurako kultur etxean bilera batean parte hartu berriak ziren.
Ordu bertsuan, Segurako bi sarrera-irteerak itxi dituzte kontrolen bidez -bizilagunei bakarrik uzten zieten sartzen, identifikarazi ondoren-, eta, halaber beste 21 lagunak atxilotu dituzte. Goizeko ordubata eta erdiak inguru arte eduki dituzte kontrolak, herritarren "alde hemendik" oihu artean joan diren arte.
Goizaldean eta goiz partean hainbat miaketa egin dituzte atxilotuen etxeetan. Joan Mesquida Espainiako polizien buruzagiak agertu duenez, 15 etxe miatu dituzte. Besteak beste, Bizkaian Aner Petralandarena eta Ana Lizarralderena; Nafarroan Juan Kruz Aldasororena, Patxi Urrutiarena (Amaiurren) eta Juan Joxe Petrikorenaren neskalagunarena (Elizondon); Gipuzkoan Rufi Etxeberriarenean izan dira etaJoseba Permachenean; Seguran bart atxilotutako Xabier Albisu, Iban Berasategi eta Egoitz Apaolazaren etxeak; Azpeitian Mikel Zubimendirena. Gainera, Seguran Xabier Albisuren etxera miatzera joan direnean haren semea jo dute borraz.
EHAK-k Donostiako Belartza poligonoan duen egoitzara ere joan da Espainiako Polizia gaur goizean, baina agindu judizialik ez zuenez, arratsaldea arte ezin izan du miaketa hasi. Lauak eta laurden aldera hasi dira, eta Joseba Permach eta atxilotutako beste emakume bat eraman dituzte miaketa egiteko. Nekane Erauskin legebiltzarkidea Iñigo Iruin abokatuarekn joan da goizean, baina sarrera galarazi diote.
Atxilotuei dagokienez, Donostiako Amara auzoko polizia etxean dituztela zabaldu dute zenbait iturrik. Haietako zenbait hara sartzen edo handik ateratzen ere ikusi dituzte kazetariek, hala nola, Joseba Permach, Juan Joxe Petrikorena eta Anjel Mari Elkano.
Bi Batasuna bereizi ditu Garzonek
Garzonen aginduz egin dituzte atxiloketak, baina erabakiari buruzko azalpenak ematen dituen autoa ez du oraindik plazaratu epaileak. Hala ere, haren inguruko iturriek Efe albiste agentziari filtratu diotenez, "ETAri
laguntza emateko Batasuna berrantolatzen aritzea" leporatzen die atxilotuei, eta "talde terroristako" kide izatea egotziko die.
Iturri horien arabera, "bi Batasunaren" arteko bereizketa egingo luke Garzonek. Bat su-eten garaiko Batasuna litzateke, eta haren helburua bake prozesua bultzatzea litzatekeenez haren jarduna zilegitzat jotzen du epaileak. Aldiz, iragan abenduaren 30ean ETAk Barajasko atentatua egin zuenetik beste Batasuna bat bereizten du epaileak, helburua "ETAri laguntzea" lukeena.
Agi denez, igandean deklaratuko dute epailearen aurrean.
Batasunaren kontrako operazioa
PSOE mendekua hartu nahian dabilela salatu Barrenak
23 dira Batasunaren aurkako operazioan Espainiako Poliziak atxilotu dituen lagunak. Buruzagi ezagunak daude atxilotuen artean, besteak beste, Joseba Permach eta Rufi Etxeberria. Miaketak egiten jarraitzen du Poliziak. Baltasar Garzonek agindu du operazio, eta agi denez, "ETAri babesa emateko Batasuna berrantolatzen aritzea" leporatzen die. Pernando Barrenak, berriz, PSOE mendekua hartu nahian dabilela salatu du, ezker abertzaleak negoziazio prozesuan izandako "jarrera irmoagatik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu