Hauteskundeak irabazi arren, kolpea jaso dute sozialistek bai Kongresuan eta baita Senatuan ere, eta botoen %99 zenbatuta, apirilean baino hiru diputatu gutxiago izango dituzte Kongresuan, 120, botoen %28,25ekin. Senatuan, berriz, botoen %95 zenbatuta, gehiengo osoa galduko luke Pedro Sanchezen alderdiak, eta 123 senatari izatetik 94 izatera igaroko litzateke. Hautesleei eskerak eman eta "erantzukizunez" jokatzeko eskatu die gainontzeko alderdiei, "gobernu progresista bat" ahalbidetzeko. Bihartik aurrera alderdi guztiekin hitz egiteko prest ere agertu da Sanchez, denekin "euren burua elkarbizitzatik at uzten dutenekin eta gorrotoaren diskurtsoa bultzatzen dutenekin izan ezik".
Atzera egin du Unidas Podemosek ere eta Kongresuan 42 eserlekutatik 35 izatera igaroko da. Ez dira emaitza onak Pablo Iglesiasen alderdiarentzat, izan ere, apirileko emaitzak berdintzea zuten helburu. Hala ere, Iglesiasek eskua luzatu dio Sanchezi, ohartaraziz hauteskundeak egin izanak eskuin-muturrari soilik egin diola mesede, hura Europako indartsuenetariko bat bilakatuz eta horri aurre egiteko modu bakarra ezkerreko gobernu sendo bat osatzea dela: "Bihartik aurrera koalizio gobernu bat osatzeko prest gaude, non alderdi bakoitzak jasotako babesaren araberako ordezkaritza izango duen".
Indarrez sartu da Vox Kongresuan eta 24 ordezkari izatetik 52 izatera igaro da hirugarren indarra bilakatuz PPren atzetik, 3,2 milioi botorekin. Alderdiak berak espero zuena baina nabarmen emaitza hobeak jaso ditu eskuin-muturrak, izan ere kanpainan bertan aurreratu zuten arrakastatzat joko zutela 50eko langa gainditzea. "Ez dugu atzera egingo eta gorteetan defendatuko dugu kanpainan defendatu dugun berdina", iragarri du Santiago Abascal alderdiko buruak. 11 hilabetean ordezkaritzarik ez izatetik, hirugarren indarra izatera igaro da bere alderdia. "Tarte honetan Espainiako mapa politikoa irauli dugu, eta ezkerrari esan diogu historia ez dela amaitu eta guk haiek adina eskubide dugula gure ideiak defendatzeko".
Gora egin du PPk ere nahiz eta ez espero adina, eta 87 diputaturekin geratu da, aurreko bozetan baino 21 gehiago. Popularren gorakada txalotu du Pablo Casadok, baina baita nabarmendu ere bozetan galtzaile irten dena "Espainia" izan dela. "Sanchezek porrot egin du. Espainiarrek zentsura mozio bat egin diote eta hiru eserleku galdu ditu. Orain, zailago izango du gobernua osatzea eta beraz zer egin nahi duen pentsatu beharko du". Casadok "moderazioz" jokatuko dutela iragarri du eta sozialistek egiten dieten eskaintzaren zain geratuko direla.
Ciudadanos da kolpe gogorrena jaso duen alderdia, izan ere 47 diputatu galdu ditu eta 57 ordezkari izatetik hamar izatera igaro da Albert Riveraren alderdia, seigarren tokira jaitsiz. Galera horrekin kongresutik at geratuko lirateke alderdiko zuzendaritzako hainbat kide, tartean, alderdiko bigarrena, Jose Manuel Villegas. Emaitza txarrak onartu ditu Riverak berak baina ez du dimisiorik eman, aldiz, alderdiko zuzendaritzaren ezohiko bilera iragarri du astelehenerako.
Hala, ez dago koalizio argirik begi bistan. PPk, Voxek eta Ciudadanosek bat egingo balute PSOE, Podemos eta Mas Paisen arteko koalizioa gaindituko lukete, baina ez lukete gehiengo osorik eskuratuko. Sozialistek euren kabuz gobernua osatu ahal izateko, berriz, independentisten beharra izango lukete beste behin eta baita Ciudadanosen abstentzioa ere. Beste aukera lizateke PP abstenitzea. Hala, sozialista eta popularren arteko koalizio handiak soilik egingo luke aurrera, Ciudadanosen babesarekin.
Aipagarriak lehen aldiz Kongresuan ordezkaritza lortuko duten alderdiak, tartean, CUP, zeinak bi eserleku eskuratu ditu —Mireia Vehi eta Albert Botran izango dira CUPeko diputatuak Madrilen—. Antikapitalistak lehen aldiz aurkeztu dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara. Kongresuan ordezkari batekin sartuko litzateke BNG ere. Haiekin batera lehen aldiz ordezkari bat izango du Teruel Existek ere.
Katalunian ERC nagusi
Katalunian ERCk irabazi ditu bozak baina bi eserleku gutxiago izango ditu Kongresuan, eta 13rekin geratuko da. Bat gehiago, zortzi, izango ditu, aldiz, Junts per Catalunyak. Bigarren tokiari eutsiko dio PSCk eta bana irabaziko dute PPK eta Voxek (azken horrek soilik Bartzelonan eskuratu du ordezkaritza).
Sanchezekin hitz egiteko prest agertu da ERCko zerrendaburu Gabriel Rufian, Kataluniako gatazka testuinguru politikora itzultzeko. Hori bera eskatu dio Quim Torra Generalitateko buruak ere Espainiako jarduneko gobernuburuari, eta gogorarazi dio emaitzek argi uzten dutela ezin dela Espainian gobernatu Kataluniari entzungor eginez.
Nabarmentzekoa da CUPek Ciudadanosek baina ordezkaritza handiagoa eskuratu duela Katalunian. Beherakada izugarria da Riverarentzat, kontuan izanik Kataluniako bozetan eurak izan zirela lehen indarra.