EAJ prest legoke Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako presidentegaiaren inbestidura babesteko, baina «lerro gorririk eta txeke zuririk gabe». Horrela iragarri du Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak PSOEko buruarekin Madrilen bildu ostean. Harekin batera, Aitor Esteban diputatua ere izan da batzarrean. EAJ elkarrizketarako prest agertu da bileran, eta ez dizkio ateak itxi Sanchez babesteko aukerari, baina ohartarazi du negoziazioetan «zeinekin» baino «zer» adosten den izango dela jeltzaleen lehentasuna. Ortuzarrek jakinarazi duenez, «euskal agendak» jasota egon behar du edozein akordiotan.
Sanchezen eta EAJren arteko lehen hartu-emana giro onean egin dela esan du Ortuzarrek, eduki aldetik «orokorregia» izan dela, baina espero dutela laster zehaztapenetara igarotzea. Izan ere, PSOEk elkarrizketarako dokumentua aurkeztuko die gaur jeltzaleei —baita gainerako alderdiei ere—, eta horixe izango da datozen asteetan negoziazioetarako erabiliko duten oinarria. Dokumentu horrek zazpi ardatz izango ditu, besteak beste, konstituzioaren erreforma eta langabeziari aurre egiteko neurriak.
Ortuzarrek jakinarazi du dokumentu horri «euskal agenda» gehituko diotela, eta agenda horrek jasotzen duen babesaren araberakoa izango dela EAJk PSOEri emango dion sostengua balizko inbestidura saio batean. Hiru izango dira EAJk testu horretan jasoko dituen lehentasunak: autogobernua, elkarbizitza eta bakea, eta krisialditik ateratzea.
Asteazkenean batzartuko dira berriro jeltzaleak Sanchezekin, negoziatzen jarraitzeko. EAJren sei diputatuak erabakigarriak izan daitezke gobernagarritasunerako, bereziki PSOEk Podemos eta Unidad Popular alderdiekin bat egitea erabakiko balu. Nolanahi ere, Ortuzarrek aitortu du EAJ talde «apala» denez, bere diputatuek ez diotela inbestidura saioa «konponduko» Sanchezi, eta horregatik nahiago dutela negoziazioen emaitzen arabera erabakiak hartzea. Hori bai, azkenean EAJren botoak beharrezkoak badira, eragiten saiatuko dira jeltzaleak, sei diputatuen «balioa nabarmenduz».
Ortuzarrek ez du argitu EAJk zein aliantza mota nahiago duen gobernu akordio baterako, baina Sanchezek «guztiekin» hitz egin beharko lukeela iritzi dio. «Ezin diot betorik eskatu PSOEri, baina bai politikak».
Jeltzaleen jarrera irekia eskertu egin du Sanchezek bilera amaitu ostean, eta pozik agertu da aste honetan alderdiekin izan duen bilera saioarekin. Aitortu du akordioa «zaila» dela, baina «aldaketarako aliantza progresista bat adosteko oinarriak» badaudela. Horretarako, baina, «betorik» gabeko elkarrizketa eskatu du PSOEko buruzagiak, bereziki, Podemosi begira. Halaber, iragarri du datorren astean PP, DIL eta ERCrekin ere batzartuko dela, baina ez EH Bildurekin.
«Abiapuntu okerra»
Hain justu, EH Bilduren ustez, «abiapuntu okerra» da Sanchezek koalizioa bilera sailetik kanpo utzi izana. Iker Casanova legebiltzarkideak Radio Euskadin adierazi du azken lau urteotan hobetu egin direla EH Bilduren eta sozialisten arteko harremanak, baina Sanchezek EH Bildu baztertu izanak agerian uzten dituela balizko gobernu berri baten «mugak».
EAEko PPko bozeramaile Laura Garridok, berriz, berretsi du gobernu formularik egokiena PP, PSOE eta Ciudadanosen artekoa dela, «egonkortasuna» ekarriko diolako Espainiari. Ordea, ez du erraz ikusten Sanchezek gobernua osatzea, eta uste du Podemosek «baldintza umiliagarriak» jarri dizkiola PSOEri.
Jose Antonio Pastor PSEko legebiltzarkideak ere Podemos kritikatu du; haren esanetan, «gizarte agenda» ahaztu duelako eta «ministerioak eta besaulkiak» baino ez dituelako nahi.
Espainiako Gobernuaren osaketa
PSOEk elkarrizketarako dokumentua aurkeztuko die gaur alderdiei, negoziazioei ekiteko
EAJk Sanchez babestuko du, hark "euskal agenda" sostengatuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu