Energia nuklearra

PSOEk eta EAJk bidea jarri zutelako dago gaur Garoña zabalik, PPren esanetan

Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak azaldu du CSNren txostena aztertzen ari direla eta Garoñak segurtasun baldintzak betetzen baditu Nuclenorri baimena emango diola ministerioak.

2013ko maiatzaren 27a
12:52
Entzun

Carmelo Barrio PPren Arabako bozeramaileak PSOEri eta EAJri itzuli die Garoñako zentral nuklearra zabalik egotearen erantzukizuna. Zentrala itxi behar litzatekeela esaten ari dira sozialistak eta jeltzaleak. Baina, Barrioren esanetan, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente zenean, 2009an, Garoña ixteko aukera izan zuen, eta beste lau urtez luzatu zuen haren jarduera. Orain, PSOEko kideak "pankartan" jarri dira, Barrioren hitzetan, "planteamendu sinplista batekin".

EAJri ere "faltsukeriatan" ibiltzea egotzi dio Barriok. Gogorarazi dio EAJk BBKn agindu duela eta banku hori, hain justu, Iberdrolako akziodun dela —Iberdrolak eta Endesak erdibana kontrolatzen dute Nuclenor enpresa, Garoñaren jabea—. Barriok galdetu du ea "EAJ politiko bat" dagoen, zentrala kritikatzen duena, eta "EAJ ekonomiko bat", hura sustatzen duena. Aukera izan duenean EAJk ere ez duela zentrala gelditzeko ezer egin seinalatu du.

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak informazioa eskatu dio Espainiako Gobernuari, Nuclenorren eskariari eta CSNren erabakiari buruzko argibideak eman ditzan. Eskaera hori guztiz logikoa iruditu zaio Barriori. Garoñari baimena luzatzeko onespena erabaki "tekniko" bat dela nabarmendu du PPren Arabako bozeramaileak. Javier Maroto Gasteizko alkateak, aldiz, PPkoa izanik, bestelako jarrera agertu du: zentrala itxi egin behar litzatekeela esan du azken egunotan. Adierazpen horri buruzko iritzirik ez du eman Barriok.

EH Bildu koalizioak, bestalde, Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak Arabako Biltzar Nagusietan azalpenak emateko eskatu du. Soriak gaur zehaztu du, bestalde, ministerioak ez duela zentral nuklear guztien jarduera 60 urte arte luzatzeko asmorik. Hala ere, berretsi du Garoñak lanean jarraitzea "lehentasunezkoa" dela.

Espainiako Gobernuak ez du ezer ez Garoñaren alde, ez Garoñaren kontra, Soriaren esanetan. CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak dioena errespetatuko duela esan du Soriak. Orain CSNren txostena aztertzen ari direla eta Garoñak segurtasun baldintzak betetzen baditu Nuclenorren baimenari baiezkoa emango diola adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.