2009rako Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorrei osoko zuzenketak aurkezteko epea 14:00etan bukatu da, eta azken unean lortu dute PSOEk -Gobernuko alderdiak- eta EAJk oinarrizko akordioa. EAJk, hala, aurrekontuei ez die osoko zuzenketarik aurkeztu eta, trukean, Espainiako Gobernuak Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza eskumena emango dio Eusko Jaurlaritzari. Dena dela, horretaz asteburuan segituko dute negoziatzen. Astelehenean dira hitzarmena sinatzekoak. Gobernuari urtero ehun milioi euro inguru kostatuko zaio eskumen eman izana.
Pasaiako (Gipuzkoa) portu berriko lanak egiteko dirua ere emango du Espainiako Gobernuak. Horretaz ere ariko dira aste bukaeran.
BNGrekin ere lortu du gutxieneko adostasuna PSOEk, Errepideko Segurtasunaren eskumenaren trukean. Azpiegituren inbertsioen gainean epe luzarogoko hitzarmena ere adostu dute. Hitzarmen horren ondorioz, Galiziak aurreikusten zena baino 125 milioi euro gehiago eskuratuko ditu. Beraz, bere historian inoiz izan duen estatuko inbertsiorik handiena izango du.
EAJren eta BNGren botoekin zortzi boto gehiago eskuratuko lituzke Espainiako Gobernuak: EAJren sei eta BNGren bi. Horiekin aurrekontuak aurrera aterako lituzke, guztira aldeko 177 botorekin.
Jose Antonio Alonso PSOEko bozeramaileak adierazi du EAJ eta BNGrekin lorturiko akordioa "sendoa" eta "bi aldeentzat onuragarria" dela, eta gizarteari "oreka politikoa eta ekonomikoa" emango dizkiola.
Kongresuko EAJren bozeramaile Josu Erkorekak esan du akordioaren bidez EAEren ekoizpena hobetuko dela, "etorkizuneko proiektuetan aurrerapen nabarmenak" izango direlako. "Lehiakortasunean eta ikerketa alorrean hobekuntzak" ekarriko dituela eta EAEko eta Espainiako Estatuaren ekonomientzat "onuragarria" izango dela ere baieztatu du jeltzaleak.
Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz eskatu izan dio Espainiako Gobernuari Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzaren eskumena emateko, Gernikako Estatutuan transferentzi hori jasotzen dela argudiatuz. Zientziaren eta Berrikuntzaren ministro Cristina Garmendia, baina, aldaketa horren aurka agertu izan da orain arte.
PPk goizean aurrekontuen kontrako osoko emendakina aurkeztu du, "krisia eta langabezi gehiago" ekarriko dutelako eta "herritarrek ongizate txikiago" izango dutelako. Ikusteko dago UPNko bi diputatuek zein jarrera hartzen duten -lehengo ostiralean UPNko kontseilu politikoak abstentzioaren aldeko erabakia hartu zuen-.
Politika
PSOEk eta EAJk oinarrizko akordioa lortu dute Espainiako aurrekontuen inguruan
EAJk ez du osoko zuzenketarik aurkeztu. Asteburuan lotuko dute Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzari buruzko eskumena. BNGrekin ere akordioa lortu du PSOEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu