Nafarroako gobernuaren osaketa

PSOEko zuzendaritzak PSNren arrazoiak adituko dituela dio Zapaterok

Nafarroako sozialilstei entzun eta gero Nafarroako Gobernuaren osaketari buruz "erabaki bakarra" hartuko dutela ziurtatu du. PSOEko zuzendaritza federalak bihar egingo du batzarra egoera aztertzeko, eta Chivite eta Puras bilerara deitu dituzte. Espainiako Sozialisten buruzagi Jose Blanco eta Carmen Hermosinek Nafarroa Bairekin gobernua osatzearen kontrako iritzi argia adierazi dute.

2007ko abuztuaren 2a
14:26
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak agertu duenez, PSOEko zuzendaritzak PSNk Nafarroa Bairekin gobernua egitearen alde dituen arrazoiak adituko ditu, horiek aztertu eta, ondoren, gaiari buruzko "erabaki bakarra" hartzeko. Horixe izan da Zapaterok Nafarroako gobernuaren osaketaren inguruan sortu den arazoaz eman duen azalpen bakarra; gobernua osatzea posible ikusten duen edo ez, ez du argitu kazetariek behin eta berriz galdetu arren.

PSOEko zuzendaritza federalak bihar egingo du Nafarroako egoera aztertzeko batzarra, Madrilen. Izan ere, atzo arratsaldeko azken orduan Nafarroako Gobernua Nafarroa Bairekin eta NEB Nafarroako Ezker Batuarekin osatzea lehenetsi zuenPSNko zuzendaritza batzordeak. Halaber, azken erabakia PSOEk hartzen duenez, beren hautua berresteko eskatu zioten alderdiaren zuzendaritzari. Alderdiaren zuzendaritzak bihar emango die erantzuna PSNko buruei, Carlos Chivite idazkari nagusia eta Fernando Puras presidentziarako hautagaia Madrilera deitu baitituzte.

Nafarroako sozialistek bide bat hartu duten arren, beraz, PSOEren esku dago orain aurrera edo atzera egitea. PSOEko buruzagiek azken orduetan egin dituzten adierazpenak aintzat hartuta, zaila ematen du Nafarroa Bai, PSNeta NEBren arteko gobernua gauzatzea. Izan ere, aukera horrekin uzkur agertu zen atzo gauean Jose Blanco Antolakuntza idazkaria, eta egoera ez dela aldatu nabarmendu zuen.

Indepedentismoa arazo

Bide beretik baina zehatzago aritu da gaur Carmen Hermosin PSOEko Harreman Instituzionaletarako eta Politika Autonomikorako idazkaria: NaBai-rekin eta NEBrekin gobernuan baino PSN oposizioan hobeto dagoela adierazi du. "Momentuz hobea da oposizio sendo baten egotea azaltzeko zaila den gobernu batean baino", esan du. Nafarroa Baik ez diela helburu independentistei uko egin azaldu du gobernua osatzearen kontrako arrazoi nagusi gisa: "Gaur egunekoak ez baizik eta oso iraganekoak diren bulkada independentistei erantzuten dieten alderdi horiek planteamendu maximalistei uko egingo baliete akordioetara iristea askoz errazagoa izango litzatekeela uste dut".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.