PSOE-ren kongresu federala

PSOEren Espainiarekiko nazioaniztasun aitortza auzitan jarri dute EAJk eta EH Bilduk

Aitor Estebanek esan du ikusteko dagoela hori nola zehazten duten, eta Arnaldo Otegik nabarmendu du nazioek erabakitzeko eskubidea dutela nazioarteko zuzenbidearen arabera.

Pedro Sanchez aulki batera igota, PSOEren 39. kongresuan. EMILIO NARANJO, EFE
2017ko ekainaren 19a
20:07
Entzun

PSOEk asteburuan egin du 39. kongresua, eta Pedro Sanchez izendatu dute ofizialki idazkari nagusi. Kongresuaren txostenean ordezkariek Espainiaren nazioaniztasuna aitortu dute, baina subiranotasuna "Espainiako herriari bere osotasunean" dagokiola zehaztuz. Primarioetako kanpainan Sanchezek zioen Kataluniaren nazio izaera aitortu behar dela, eta Espainia nazioen nazioa dela esan zuen. Txostena onartu berritan, ordea, gaur goizean Fernandez Vara Extremadurako presidenteak garrantzia kendu dio aitortza horri: "Norberak nahi duen izena izan dezake, betiere horrek eskubide gehiago ez badakartza; izenek ez dute ezer esaten atzean ezer ez badute".

Aitor Esteban Kongresuko EAJren bozeramaileak mesfidantzaz hartu du PSOEren nazioaniztasun aitortza hori, eta adierazi du espero duela autonomia erkidegoen beste sistema bat ez izatea. Hala balitz, ez lukeela inora eramango gaineratu du. Nabarmendu du, gainera, PSOEren barruan Sanchezek oztopoak dituela, eta alderdi barruan zer jarraipen egiten dioten ikusi behar dela. "Ona da sozialistak honetaz hitz egiten hastea", esan du, baina zehaztasunak ikusi behar direla dio Estebanek. "Ikusiko dugu nola zehazten den hau eta PSOEren barruan zer erantzun duen. Baina ona da estatuaren barruan hainbat nazio egoteaz hitz egitea".

Eusko Legebiltzarreko autogobernuaren ponentzian alderdi guztiek euren jarrera garbi erakutsi beharko dutela azpimarratu du, eta PSE-EEk zer jarrera duen orduan ikusiko dutela. PSOEk kontu honen inguruan hartu duen jarrerak akordioak lortzeko aukera ematen duela dio.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere tentuz hartu du PSOEren aldaketa hori, eta bere buruari tranpa egin diola esan du: aitortzen du estatuaren nazioaniztasuna, baina alde berean subiranotasuna Espainiari bere osotasunean dagokiola dio. Aldarrikatu du nazioarteko zuzenbidearen arabera nazioek erabakitzeko eskubidea dutela. "Hori da eman behar duten hurrengo pausoa, baina ez gara zain egongo. Guk eskubide hori dugu. Erabakitzeko eskubidea hirugarren belaunaldikoa da, eta horrek dio, independenteak izateko eskubidea izateaz gain, eredu ekonomiko, sozial eta kultural bat ere erabakitizeko eskubidea dugula".

Gaineratu du Espainiaren benetako froga zentzu horretan urriaren 1ekoa izango dela (galdeketa egingo dute Katalunian), trantsizioko eredua atzean uzteko aukera izango delako. EAJrentzat ere izan du mezu bat Otegik: "Puigdemontek erabakitzeko hautetsontziak jartzen dituen bitartean, Urkulluk horiek debekatzen dituen gobernua sostengatzen du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.