Lanbide Heziketa ikasten dutenek lanerako aukera paregabeak dituzte inondik ere. Halaxe erakusten dute Egailanek 2001ean Lanbide Heziketa ikasitako guztiei ikasturtea amaitu eta sei hilabetera egin zien inkestak. Hango datuen arabera, ikasketak amaitu eta sei hilabetera %14 bakarrik zeuden langabezian. %19k ikasten jarraitu zuten, eta %59 inguru lanean ari ziren, lan finkoan, aldi baterakoan, autonomo gisaÉ Aipatzeko moduko datua da, gainera, lan poltsa gehien duten eta lanpostu gehien ematen duten labide multzoak administrazioa, metala eta elektrizitatea eta elektronika direla, hurrenez hurren.
Ziklo guztietan, gutxienez ikasleen %69k lana aurkitu zuten 2001eko promozioan. Gutxieneko hori ehungintza, jantzigintza eta larrugintzan izan zen. Bestalde, azpimarratzeko modukoa da industriako lanbideek duten lan eskari handia. Produkzio-zerbitzuko eta mantenimentuko lanbideak eta fabrikazio mekanikoa dira lanpostu gehien ematen dutenak. Ikasleen %92k aurkitzen dute lana, ikasketak amaitu eta sei hilabetera.
Emakumea, betiko lanetan
Tamalez, langabezi datuak aldatu egiten dira sexuaren arabera. Lanbide Heziketa ikasitako emakumeen % 23,7 joan ziren langabeziara 2001eko promozioan, gizonezkoak baino 10 puntu gehiago. Badirudi, Egilanen egiten den balorazioaren arabera, horren arrazoia emakumeek aukeratzen dituzten ziklo formatiboak direla; hau da, antza denez, emakume gehienek lan aukera gutxiago dituzten zikloak aukeratzen dituzte.
Halaxe azaldu digu Pablo Eskibel Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako zerbitzuburuak: «Emakumeek oso presentzia txikia dute industrian». Baina, haren esanetan, «emakumeek gaitsuna dute horrelako arloetan ere lan egiteko, baina ez dira animatzen, eta guk bultzada eman nahi diegu». Haren ustez, horrexegatik dago emakumeen artean «langabezia handiagoa». Eskibelen hau jakinarazi digu: «Nesken orientazioa aldatu nahi dugu, eta industria espezialitatera bideratu nahi ditugu. Emakumeak pertsona gisa dituen aukerak aprobetxatu behar dira, eta gizarteak ere pertsona horien potentzialitateak baliatu behar ditu, aukera hori galtzen ari baita».
PUBLIERREPORTAIA. Lana ia-ia ziur
Lanbide Heziketa ikasitakoen artean oso langabezi gutxi dago; zikloen arabera datuak desberdinak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu