AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak martxa bat egin du gaur goizean Puerto de Santa Mariako espetxera (Cadiz, Espainia). Bertan dauden 22 euskal presoen askatasuna eskatu dute, baita horiek egindako “borrokaren zilegitasuna” nabarmendu ere. Gudariak direlako, amnistia! kanpainaren lehen ekinbidea izan da.
Espetxearen kanpoaldean AEMeko kideek hausnartu dute Puerto de Santamariako espetxea 1980ko hamarkadatik “preso politikoen sakabanaketaren eta zigorraren sinbolo” izan dela. Puerto III espetxea, hasieratik, “euskal preso politikoekin esperimentatzeko” baliatu dutela nabarmendu dute.
Espetxe horretan zendutako euskal presoak gogora ekarri dituzte: Arkaitz Bellon, 2014an; eta Xabier Rey aurten, martxoan. Halaber, gogorarazi dute Iñaki Bilbao, duela 34 urte preso, Puerto IIIko isolamendu galerietan dagoela 2007. urtetik.
AEMko kidee iritziz aurreko adibide horiek erakusten dute kartzelak “pertsona apurtzea eta preso politikoek bere militantziari uko egitea” bilatzen dutela, “delinkuente eta hiltzailerik handienak kartzelak sustengatzen dituzten horiek direla agerian utziz”.