Puerto I-eko modulu bereko beste euskal presoek banan-banan agurtu zuten Bellonen gorpua

Jokin Zerain zegoen Bellonen aldameneko ziegan, eta bazkalondoan Elorrioko presoa ondo zegoela esan die abokatuei. Bellonen familiaren abokatuak Cadizko Puerto I-eko espetxean dira, Bellonekin izan diren euskal presoak ikusten.

2014ko otsailaren 7a
07:16
Entzun

Espetxeko kideak ezin sinetsita daude, "lur jota", Jokin Zerain presoaren senideek adierazi dutenez; Bellonen ondoko ziegan da Zerain. Bazkalondoan agurtu zuten elkar Bellonek eta Zerainek, eta Elorriokoa "ondo", beti bezala zegoela azaldu du.

Arratsaldean berriz egotekotan geratu ziren Zerain eta Bellon; paseoan ibiltzekotan, Bellonek, egun horretan, kirola egin baino nahiago zuela eta. Zerainek 17:00etan jakin zuen hil zela, presoei ziegak berriz ireki zizkietenean. "Jokin ondoko txaboloan dago, eta esan du ez duela ezer arrarorik sumatu; ez dela inor sartu, bestela berak entzungo zuela", azaldu dute Zerainen senideek.

Bellonen heriotzaren berri izan ondoren espetxeko zuzendariordearekin bildu ziren haren moduluan dauden zortzi euskal presoak. Ondoren, Bellonen ziegan banan-banan sartu eta azken agurra ematen utzi zieten. Haren gauzak ere atera zituzten handik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.