Azkenean, Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidentea ez da Iruñeko sanferminetako txupinazoan izango. BERRIAk baieztatu ahal izan duenez, Joseba Asiron alkateak gonbidatuta zen etortzekoa, eta Puigdemontek berak gonbidapena onartu egin du. Albistea zabaldu ostean, ordea, Puigdemonten kabineteak azaldu du ez dela bertan egongo, "agenda arazoengatik".
Albistearen berri, COPE Espainiako irratiak eman du goizean. Udalak gaur zuen iragartzekoa albistea. COPEk, gainera, aurreratu du Uxue Barkos Nafarroako presidentearekin ere bilduko dela Puigdemont. Hori ezin izan du BERRIAk baieztatu, ordea.
Joseba Asiron alkatetzara iritsi zenetik, hirugarren txupinazoa izango da aurtengoa. Nafarroako DYA elkarteak botako du aurten, iruindarren bozketa batean hala erabakita. Paula Remirezek botako du, zehazki. Behin hori eginda, boluntario lanarekin jarraituko du, urtero ohi duenez.
'Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske'
Atzo DYAko ordezkariak hedabideetako ordezkarikin batera izan ziren sexu erasoen aurkako kanpaina bat dela eta: Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske.
Iruñeko Udalaren Berdintasun Sailak antolatu du egitasmoa. Sexu abusuen aurkako bidean, udalak "beste urrats bat" egin duela esan du udaleko Berdintasun teknikari Zaloa Basabek: "Sexu eraso oro arbuiatzen du hiriak, ez jaietan bakarrik, urte osoan baizik, baina sanferminetan azpimarratu egiten dugu konpromiso hori".
Sexu erasoak errotik erauzteko bidean hedabideek "bidelagun" izan behar dutela adierazi du Basabek, "ezinbestekoak baitira, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko, baina baita festaren beste irudi bat emateko ere, eta emakumeok festaz gozatzeko askatasun osoa dugula erakusteko".
Aurtengo kanpainan, 20.000 pin banatuko ditu Iruñeko Udalak, indarkeria matxistaren aurkako borrokarekiko konpromisoa agertzeko.