ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Puigdemontekin elkartu da Gure Esku Dago-ren ordezkaritza bat

Waterloon (Belgika) batzartu dira Kataluniako presidente erbesteratua eta Angel Oiarbide eta Jone Amonarriz GEDeko ordezkariak.

Oiarbide, Puigdemont eta Amonarriz. GED
2018ko urriaren 1a
18:26
Entzun

Urtebete da gaur Katalunian autodeterminazio erreferenduma egin zutenetik, eta, urteurrenean, Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikako ordezkaritza bat Carles Puigdemont Kataluniako lehendakari erbesteratuarekin batzartu da.

GEDek ohar batean azaldu duenez, "erreferenduma posible egiteagatik kartzelan zein erbestean daudenei babes keinu bat egin nahi izan die dinamikak, data esanguratsu honetan".

Puigdemontek 12:00etan hartu ditu GEDren ordezkari Angel Oiarbide eta Jone Amonarriz, Waterlooko Errepublikaren Etxean. Kataluniako eta Euskal Herriko testuinguru politikoa izan dute hizpide, eta bi herrien arteko elkarlan esparrua indartzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute. “Elkartasunetik elkarlanerako” jauzi horren garrantzia azpimarratu du Oiarbidek.

Oroigarri gisa, enbor baten xafla bat entregatu diote Amonarrizek eta Oiarbidek Puigdemonti; Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren 1939. urteko esan bat du zizelkatuta: “Euskadik inork baino gehiago sentitzen du Kataluniaren antsietatea... katalanek eta euskaldunok oztopo berdinei aurre egin behar diegu, eta, horregatik, elkarrekin biziko dugun arrakasta kolektiboa izango da”.

Euskal Herrian elkarretaratzeak eta elkartasun ekinaldiak antolatu ditu Gure Esku Dagok herrietan gaur arratsalderako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.