Puntu galera ekar dezaketen 226 salaketa izan dira asteburuan Hego Euskal Herrian

Ertzaintzak emaniko datuen arabera, legea hautsi dutenen %92 gizonezkoak dira

Erredakzioa
2006ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Gizonezkoak dira, alde handiz, puntukako gidabaimena ezarri eta lehenbiziko asteburuan puntu gehien galdu dituztenak. Ertzaintzak larunbatetik astelehenera eginiko kontrolen balantzea kontuan hartuta, 109 gizonezkok eta 8 emakumezkok egin dute arau-hausteren bat. Gainera, Espainiak puntukako karneta indarrean jarri duenetik estatuan bildutako emaitzekin bat egiten du joera horrek,puntuak galdu dituzten gidarietan hamarretik bederatzi gizonezkoak izan baitira.

Ertzaintzak eta Foruzaingoak arau berriaren ezarpenaren lehenbiziko balantzea egin zuten atzo. Larunbatetik astelehenera bitartean 190 arau hauste salatu zituztela jakinarazi dute, 708 punturen galera ekar dezaketenak. Gainera, Nafarroan, gida baimena atera berri duen gidari bati zortzi puntu galtzea dakarren salaketa egin zion Foruzaingoak, eta, ondorioz, karneta galduko du; berriro eskuratzeko ikastaroa egin beharko du.

Guardia Zibilak, bere aldetik, 112 puntu galtzea eragin dezaketen 36 arau hauste salatu ditu Nafarroan asteburuan, Vicente Ripa Espainiako Gobernuaren ordezkariak jakinarazi duenez. Ertzaintzarenak eta Foruzaingoarenak batuta, beraz, asteburuko balantzea 226 arau hauste eta 820 puntuko galera izango litzateke Hego Euskal Herrian.

Ertzaintzak 118 arau hauste larri antzeman zituen iragan asteburuan, eta 117 gidarik 452 puntu galtzea eragingo du horrek. Foruzaingoak, berriz, 72 arau hauste larri jaso zituen.

Gehiegizko abiadura izan da puntuak galtzeko arrazoi nagusia. Ertzaintzak, orotara, 75 lagun gelditu eta zigortu ditu zehazturiko abiadura muga gainditzeagatik. Horietako 29k zehaztutako abiadura %50ean gainditu zuten. Foruzaingoak, berriz, 31 lagun zigortu ditu behar baino abiadura handiagoan gidatzeagatik.

Alkoholemia kontroletan positibo eman duten gidariek osatzen dute puntu gehien galdu dituztenen estatistikaren bigarren lekua. Izan ere, 14 lagun zigortu zituen Ertzaintzak eta 10 Foruzaingoak alkoholemia tasa gainditzeagatik. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak agertu duenez, gainera, gidari bat zigortu dute alkoholemia froga egin nahi ez izateagatik.

ARAU HAUSTE LARRIAK. Izan ere, arau hauste larrienek gidabaimenaren sei puntu galtzea eragiten dute, eta horien artean dago alkoholemia frogan positiboa ematea,edo alkoholemia kontrola egin nahi ez izatea. Halaber, errepide bakoitzean zehaztutako abiadura %50ean gainditzeak sei puntu galtzea eragiten du.

Gidabaimenaren puntuak galtzeko hirugarren arrazoia segurtasun uhala jarri gabe gidatzea izan da. Ertzaintzak, hain zuzen, hamabi lagun atzeman ditu egoera horretan, eta Foruzaingoak bederatzi.Hiru puntu galduko ditu gidari bakoitzak, isuna ordaintzeaz gain, poliziek jarritako salaketak aurrera eginez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.