Errealitate gordinari muzin eginez, milaka dira egunero trago batzuk edan ondoren errepidera ateratzen diren euskal herritarrak. Aurrerantzean, Hegoaldean gorriak ikusiko dituzte gidari setatsuek autoa gidatzeko baimena gorde ahal izateko. Kostu handia baitakar puntukako gidabaimenak ezarritako arauak hausteak.
Ohartarazpen gisa, iragan astelehenetik alkoholemia kontrolak egiten ari dira Hego Euskal Herri osoan. Zirkulazio kodearen arabera, botatako arnasean 0,50 mg/l baino alkohol gehiago ematen duten gidariek 301 eta 600 euro arteko isuna ordaindu behar dute, eta, gainera, gidabaimena sei hilabetez gal dezakete. Halaber, atzemandako gidariak zirkulazioan arriskua sortu baldin badu,8 eta 12 asteburu bitarteko espetxe zigorra bete beharko du, eta gidabaimena lau urtez gal dezake.
PUNTUEN SALDOA. Neurri horiekin guztiekin bat egingo du uztailaren 1etik aurrera puntukako gidabaimenak. Trago batzuk hartzeak gidabaimenaren puntu saldoan eragin larria izan dezakeela ohartuko dira alkoholemia kontrolekin topo egiten duten gidariak.
Izan ere, sistema berriaren arabera, alkohol kontrolean botatako arnasean 0,50 mg/l baino alkohol gehiago ematen duten gidariek hutsegite oso larria egin eta sei puntu galduko dituzte. Profesionalek eta gidari hasiberriek, 0,3 mg/l- izango dute muga. Bestetik, 0,25 eta 0,50 mg/l bitarteko alkohol-tasarekin gidatzen duten gidariei lau puntu kenduko dizkiete. Profesionalek eta hasiberriek 0,15-0,30 mg/l izango dute muga.
Galdutako puntuak berreskuratzeko ikastaroak egin beharko dituzte. Gidariak punturen bat badu, lau berreskura ditzake 12 ordukoikastaro bat eginez. Ikastaro hori bi urtean behin baino ezin izango da egin -gidari profesionalek urtean behin-.
Baina puntu guztiak galduz gero gidabaimena galduko du gidariak. Hortaz, sei hilabete itxaron beharko du, eta, 24 orduko ikastaroa egin ondoren, Espainiako Trafiko Zuzendaritzan azterketa bat gainditu. Horrela, 8 puntu berreskuratuko ditu. Hurrengo bi urteetan punturik galtzen ez badu, hasierako 12 puntuak berreskuratuko ditu. Gidari profesionalek hiru hilabete itxaron behar dute.
Nolanahi ere, puntukako sistemak ez ditu aurreko zigorrak ordezkatzen, bateragarriak baitira isunak, zigorrak eta puntuak galtzea. Hortaz, gidari arrunt bat 0,50 mg/l baino alkohol gehiagorekin atzemanez gero, gidabaimenean dituen puntuen erdiak galduko lituzke. Horretaz gainera, 301 eta 600 euro bitarteko isuna ordaindu beharko du, eta hiruhilabetean ezin izango du autorik gidatu.
ALKOHOLEMIA KONTROLAK. Baina, jakina, isunak eta zigorrak jarri eta puntuak kentzeko alkoholemia kontrolak ezinbestekoak dira, eta horretan Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak eta Nafarroako Gobernuaren Foruzaingoak ahalegin handia egin dute azken bost urteetan. Euskal Autonomia Erkidegoko errepide sare nagusian egiten diren ohiko alkoholemia kontrolak 2002tik hona bikoiztu egin dira. 2002. urtean Ertzaintzak 19.978 egin baitzituen, eta 2005. urtean 50.147. Aurtengo lehenbiziko lau hilabetetan, berriz, 19.353 egin ditu jada.
Nafarroan, Foruzaingoa eta Guardia Zibila arduratzen dira alkoholemia kontrolez. Foruzaingoaren datuen arabera, kontrolen kopurua mantendu egin da urtez urte, eta 2000. urtetik hona batez beste 16.000 kontrol jarri dituzte urtero. Bestetik, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren datuen arabera, Guardia Zibilak 2.000 alkoholemia kontrol inguru jarri zituen iragan urtean.
Alkoholemia kontrolen ugaritzeak eta puntutako gidabaimenaren ezarpenak gidariek eragindako istripu larriak gelditzea dute helburu. Neurri eraginkorrak diren aurrerantzean ikusi beharko da; Ipar Euskal Herrian, esate baterako, ez baitute oso argi.
ABIADURA MOTELTZEN. Azken urteetan, Ipar Euskal Herriko auto gidariak lehen baino emekiago ibiltzen dira errepideetan, Patrick Prat Pirinio Atlantikoetako istripuen behatokiko arduradunaren arabera. Hori argiki ikusi da errepideetan radar automatikoak ezarri zituztenetik. Haatik, ez du ziurtatu puntuen bidezko gidabaimena indarrean ezarri izanak eraginik ukan zuen auto gidarien baitan. Eraginik ukan ez zuela ere ez daitekeela erran ulertzera eman du, baina ez dago neurgailurik.
1992an ezarri zuten indarrean puntuen bidezko gidabaimena. Orotara 12 puntu daude, eta gidatzean legea hautsiz gero (abiadura eta alkohola bereziki), zenbait puntu gal daitezke. Puntu guztiak galdu ondoan, gidabaimena galtzen da. Puntuak berreskuratzen dira bi urteko epean ez bada beste hutsik egiten edo ez bada beste punturik galtzen. Halaber, ikastaro bereziak egin daitezke (ordainduz), puntuak berreskuratzeko.
Gidabaimena Hego Euskal Herrian atera dutenei ez dizkiete puntuak kentzen. Halaber, isunak ez dituzte segiarazten, Frantziatik kanpo matrikulatuak izan diren autoei. Orain artean, administratiboki konplikatua eta garestia ateratzen zaie horrelako isunen jarraipena egitea. Horiek hola, isunen aplikapen eremua Europa osora zabaltzeko xedea daukate Europako estatuek, nahiz eta oraindik ez duten deus ezarri indarrean.
Kentzen diren gidabaimen ia guztiak alkoholemia kontrolen ondorioz gertatzen dira, Baionako suprefeturako zerbitzuen arabera. Istripuak gutxitu badira ere, alkoholaren ondorioz anitz gertatzen dira, nahiz eta estatistika zehatzik ez dagoen. Istripuen behatokian dituzten estatistiketan ageri den baino handiagoa da alkoholak eragin istripuen kopurua, erakunde horren ustez.
Puntukako karnetak ez ditubeste zigorrak ordezkatzen, bateragarriak dira isuna, zigorra eta puntuak galtzea
Ipar Euskal Herrian kentzen diren gidabaimen ia guztiak alkoholemia kontrolen ondorioz dira
alkoholaren menpe
Gidatzeko ahalmena urritzen du alkoholak
Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak eginiko ikerketa batean alkoholak gidariengan dituen ondorio larriak nabarmentzen dira. Halaber, alkoholaren eragina handitzen duten bestelako faktoreak aipatzen ditu.Alkoholaren eragina
Euforia faltsua. Alkoholak gezurrezko segurtasuna eta optimismoa eragiten ditu.
Axolagabekeria. Gidariaren ausarkeria eta agresibitatea handitzen ditu alkohola kontsumitzeak.
Adimen gaitasuna aldatzen du. Gidariaren aldartea, arreta eta arrazoibidea okertzen ditu.
Arriskua gutxiestea. Arauak hausteko eta azkarrago gidatzeko joerak bultzatzen ditu.
Erreflexuak urritzen ditu. Erantzuteko ahalmena mugatzen du, eta logura eta nekea eragiten ditu.
Ikusmen esparrua. Alkoholak 'tunel efektua' eragiten du eta gidariaren ikusmena murrizten du.
Distantziak. Abiaduraren eta distantziaren pertzepzioak faltsutzen ditu.
Akatsak gidatzean. Zirkulazioaren noranzkoaren kontra edo debekatutako noranzkoan gidatzea eragiten du.
Autoaren kontrol eza. Autoaren maniobrak gaizki adieraztea, norabiderik gabe gidatzea eta aurreratzean maniobra desegokiak egitea eragiten du.
Alkoholaren laguntzaileak
Edariaren kantitatea eta alkoholaren gradua.
Gidariaren pisua. Gutxiago pisatzen dutenengan eragina handiagoa da.
Igarotako tartea.
Janariaren kantitatea eta mota.
Sexua. Alkohol kantitate berdina edan duten pisu bereko emakumezko eta gizonezko baten artean, emakumezkoak alkoholemia tasa altuagoa izanen du.
Botikak.
Alkohola neurrian hartu. Sarritan baina neurrian alkohola hartzen dutenek beranduago gainditzen dute alkoholemia tasa.
Nekea, haurdunaldia, angustia, hilekoa, gaua.
Adina. 25 urte baino gutxiago eta 60 urte baino gehiago dituztenak ahulagoak dira.
Alkohol mota. Edari beroak edo gasa dutenak azkarrago xurgatzen ditu gorputzak.
Joaquin arevalo RACVN elkarteko lehendakaria
«Puntukako gidabaimena istripuei aurre egiteko beharrezko bidea da»
E. ugarteGasteiz
Hego Euskal Herriko zirkulazioaren egoeraren inguruan azterketa ugari egin ditu azken urteetan RACVN Hego Euskal Herriko Auto Gidarien Klubak, eta puntukako gidabaimenaren harira erezenbait hausnarketa plazaratu dituzte elkartearen arduradunek. Begi onez ikusten dute neurria, eta beharrezkotzat jo du halako ekimenak elkartearen lehendakari Joaquin Arevalok.
Uztailaren 1ean abian jarriko da puntukako karneta. Eraginkorra izango dela uste duzu?
Erabat sinetsita nago beharrezko bidea dela. Ez dut esango bide bakarra denik, aurrerantzean bestelako esperientziak ere kontuan hartu eta aztertu behar direlako, baina une honetan beharrezkoa da. Auto istripuei aurre egin behar diegu, kopuruetan geldituta baikaude. Puntukako gidabaimena ezarri duten Europako gainerako herrialdeetan jasotzen ari diren estatistikak ikusita, argi dago bide egokia dela.
Hala ere, neurriak nolabaiteko asaldura eta kezka eragin du gidarien artean.
Ondo gidatzen dugunontzat puntukako gidabaimenak ez du inolako eraginik izango, ez gara zertan arduratu. Gidarien arauak eta gainerako herritarrak errespetatzen ez dituen %10 kezkaturik egoteari normala deritzot. Gainerako gidariak arriskuan jartzen dituztenek asaldaturik egoteko arrazoiak badituzte; aitzitik, gidari arruntek ez.
Puntukako gidabaimenak eragin zuzena izango du alkohola edaten duten gidarien artean?
Elkartearen ustean, alkoholak eragindako milaka auto istripuei aurre egiteko neurri egokia da puntukako karneta. Administrazioek gehiegi zaintzen gaituztela diote batzuek, jarraibide gehiegi ematen dizkigutela, baina horrelako neurriak zentzuzkoak dira.