Puntukako gidabaimena abian denetik, %34 murriztu dira heriotzak

Urtea hasi denetik Euskal Herrian 70 pertsona hil dira, lehengo urteko epe berean baino bederatzi gutxiago

inaki petxarroman
2007ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gaur urtebete beteko da Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan puntukako gidabaimena indarrean dagoenetik. Denbora tarte horretan errepideetan hildakoen kopurua %33,8 murriztu da Hego Euskal Herrian. 2005eko uztailetik 2006ko uztailera 195 pertsona hil ziren lau probintzietako errepideetan, eta iaztik gaur arte, berriz, 129.Alabaina, oraingoz ezin da esan errepideetako heriotza kopuru horren murriztea puntukako gidabaimenaren emaitza denik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Foruzaingoak esan dutenez. «Goizegi da hori jakiteko», esan dute bi erakundeetako iturriek.

Izan ere, errepideetako istripu larrien ondorioz gertatutako heriotza kopuruaren murrizketa lehendik dator. Ondorengo datu hau esanguratsua da: iaz 224 lagun gutxiago hil ziren lau probintzietako errepideetan 2000. urtean baino; hots, %61 pertsona gutxiago.

Datorren astean emango dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak urtebete honetako balantzearen datuak. Lau probintzietan milaka espediente zabaldu dituzte arau-hausteengatik, eta, arrazoi nagusia, alde handiz gainera, gehiegizko abiaduran ibiltzea izan da.

Nolanahi ere, puntukako gidabaimenak eragina izan duela onartu dute gidariek beraiek. Nafarroako Kutxako Aseguru etxeak, Aragek, egindako ikerketa baten arabera, Nafarroako hamar gidarietatik lauk aitortu dute gidatzeko ohiturak aldatu egin dituztela puntukako gidabaimena indarrean denetik. Ikerketa horren arabera, gidari gehienek oraindik ez dakite oso ongi zer den puntukako gidabaimena, gidarien %60k, hain zuzen ere. Hala ere, badakite zeintzuk diren puntuak kentzeko arrazoi nagusiak: besteak beste, gehiegizko abiaduran gidatzea, segurtasun uhala jarrita ez eramatea, gidatzean sakelako telefonoz hitz egitea... Galdekatutako nafarren herenek onartu dute orain askoz ere gutxiagotan joaten direla gehiegizko abiaduraren gainetik, eta laurdenek aitortu dute gutxiagotan hitz egiten dutela telefonoz puntuak galtzeko aukerarik ez zegoenean baino. Inkesta egin dutenen %91k uste dute puntukako gidabaimenak eragina izan duela errepideetan gertatu den heriotza kopuruaren murrizketan.



AURTEN ERE JOERA BERETIK. Aurtengo lehenengo sei hilabeteotan ere murriztu egin da euskal errepideetan istripuz izan den heriotzen kopurua. Hain zuzen ere, 70 lagun hil dira zazpi probintzietako errepideetan lehen urte erdian, iazko denbora tarte berean baino 9 lagun gutxiago; alegia, %11,4 gutxiago iazko lehen urte erdiarekin alderatuta. Azken urteotako joerari jarraiki, Nafarroan izan dira aurten ere heriotza gehienak. Izan ere, 24 lagun hil dira herrialde horretan urte erdi honetan. Hain zuzen, atzo motor gidari bat hil zen. Atzetik jarraitzen dio Gipuzkoak. Izan ere, herrialde horretan 18 lagun hil dira. Datu horiek BERRIAk bildu baditu ere, administrazioek emandakoekin bat datoz, Hego Euskal Herriari dagokionez. Ipar Euskal Herriko datu ofizialik ez dago.



ZenBaKIa

96.000

Puntuak. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak gidabaimenetako 96.000 puntu baino gehiago kendu ditu urtebetean, iazko uztailean puntukako gidabaimena indarrean jarri zenetik hona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.