Bostetan zen hastekoa PSNko buruzagiek Lurralde Batzordearekin egin beharreko batzarra. Bilerara sartu aurretik suminduta agertu dira kritikoak. Ez dute onartzen Purasek eta Chivitek nola kudeatu duten Nafarroako gobernuaren osaketaren inguruko auzia, eta engainatuta sentitu direla esan dute.Fernando Puras PSNren presidentetzarako hautagaiak eta Carlos Chivite Nafarroako sozialisten idazkari nagusiak alderdiko Lurralde Batzordeko kideekin zuten bilera. Helburua zaila: alderdikide horiei Nafarroako gobernuaren osaketarako negoziazioetan izan duten jarrera eta PSOEk Nafarroa Bairekin eta NEBrekin gobernua eratzeko ezarri dieten debekua azaltzea. Aurreko egunetako ildoari eutsiz, Purasen zein Chiviteren dimisioa eskatuko dutela berretsi dute PSNko kritikoek bilerara sartu aurretik.
Izan ere, Nafarroako gobernua osatzeko prozesuan Purasek eta Chivitek izan duten jarrerak eta egin duten lanak haien kontrako kritikak piztu ditu alderdi barruan, bereziki, joan den ostiralean PSOEren zuzendaritzak PSNren erabakia atzera bota eta Nafarroa Bairekin eta NEBrekin gobernua osatzea galarazi ostean.
PSOEren Lurralde Batzordeko kide Helena Berruezok larunbatean esan zuen engainatuta sentitzen dela eta Fernando Purasen eta Carlos Chiviteren dimisioak eskatu ditu. Haren ustez, nahiz eta alderdi sozialistak bi hilabete hauetan Nafarroa Bairekin eta Nafarroako Ezker Batuarekin hirutariko Gobernua eratzeko bilerak izan, alderdiak ez du sekula inolako intentziorik izan hauekin Gobernu berria sortzeko. Gainera, PSNn Nafarroako Gobernu osaketaren inguruan egindako kudeaketa txarraren ondorioak nozituko dituztela iritzi dio.
Berruezok uste du «iruzurra» ez dela soilik alderdiko kideei zuzendutakoa izan, baizik eta boto-emaile guztiei, eta finean, gizarte guztiari zuzendutakoa.
Horregatik guztiagatik, norbaitek bere gain hartu beharko luke erantzukizuna berehala. Gainera, PSOEk UPNrekin ezer ez hitzartu izana espero duela esan du.
Halaber, Lurralde Batzordeko kide denJose Luis Urizek ere kritikatu egin du PSOEren erabakia. Erabakia onartzen duela esan arren, norbaitek ardura har dezala eskatu du. Horren haritik, Urizek aitortu du alderdiaren barneko sektore batzuk PSOEk hartutako erabakiarekin haserre daudela, eta urtea bukatu baino lehen ez ohiko kongresu bat egitea posible litzatekeela uste du.
Nafarroako Gobernuaren osaketa
Purasek dimisioa eman du
Fernando Puras PSNren presidentetzarako hautagaiak dimisioa eman du, PSOEk Nafarroan hiruko gobernua osatzea eragotzi izanarekin bat ez datorrelako. Purasek idatzi bat irakurri du, eta prentsaurrekoan ez du kazetarien galderarik onartu. Carlos Chivite Nafarroako sozialisten idazkari nagusiak, aldiz, bere karguan jarraituko du, nahiz PSNko Lurralde Batzordeko sektore kritikoak haren dimisioa ere eskatu duen gaur arratsaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu