Nafarroako Gobernua

Purasek dio aukerarik "errealistena" hauteskunde berriak deitzea dela

PSNk ez duela UPN buru duen gutxiengoko gobernurik babestuko esan du buruzagi sozialistak. Eta "gaur egun" sozialistak aztertzen ari diren aukerarik "errealistena" hauteskundeak deitzea dela gaineratu du.

2007ko uztailaren 18a
16:54
Entzun
Nafarroako Gobernuko presidentziarako PSNko hautagai Fernando Purasek gaur adierazi duenez, bere alderdiak ez dio UPN buru izango duen gobernu aukerari babesik emango. Hartarako oso aukera gutxi dagoela gaineratu du. Punto Radio irratiari eginiko adierazpenetan, Purasek esan du "aukerarik errealistena, gaur egun, hauteskunde berriak deitzea" dela. "PSNn ez dugu inongo momentutan abstenitzea pentsatu, horrek UPN buru izango duen gutxieneko gobernua ekarriko lukeelako. Ez dakit 'in extremis' PSNk aukera hori aintzat har dezakeen, baina momentuz ez dirudi oso egingarria".

Bestalde, UPNko hautagai eta Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzek atzo eginiko adierazpenak gezurtatu ditu Purasek –sozialistek UPNk gutxiengoan gobernatzearen "egonkortasunaren alde" egingo luketela esan ziotela adierazi zuen Sanzek–. Bere alderdiko inork ezin duela halakorik esan adierazi du, "ez delako halako jokalekurik planteatu ere egin". Azpimarratu zuen bere alderdiak ez duela aukera hori aztertu, baina aitortu du "agian orain aztertu beharko den aukera" dela.

Negoziazioei ekin aurretik parentesia

Nafarroako Parlamentuak abuztuaren 18ko data muga gisa jarri ostean, Nafarroan alderdiek parentesia ireki dute euren jardueran, negoziazioei ofizialki berriro ekin aurretik. Epe horretan bere alderdiak "zuhurtziaz" jardungo duela adierazi du Alberto Catalan UPNko idazkari nagusiak. Gobernua osatzeko akordioa lortzeko UPNk "eskua luzatuta" duela esan du Catalanek, bai koalizioan gobernatzeko, bai gutxiengoan "baina egonkortasun bermeekin" agintean mantentzeko. Hala ere, zalantza PSNren jarreran dagoela gaineratu du.

Bihar aztertuko du PSNren zuzendaritzak Nafarroa Bairekin negoziazioak eten osteko egoera berria. Eta litekeena da datorren astearen amaieran edo hurrengoaren hasieran PSNren eskualdeko batzordea biltzea. Baina hartarako "zer proposatuko zaion" jakin beharra dagoela adierazi du gaur Carlos Chivite sozialisten idazkari nagusiak. Bien bitartean, alderdiko zuzendaritza informatu artean eta bertako "kide bakoitzak bere iritzia" eman artean, ez zaiela negoziazioei ekingo azaldu du Chivitek. Eskualdeko batzordeak izango du azken hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.