19. Korrika

Putzu sakonetako bidegileak

Harrera beroa izan du 19. Korrikak Nafarroako Erriberan; jendetza elkartu da Tuteran eta Tafallan.Hunkituta hartu dute lekukoa Argia ikastolako bi ikaslek.Nafarroan jarraituko du gaur ere

Ribaforadara lehen aldiz heldu zen Korrika; irudian, hara iristen, urez betetako soro artean. I. URIZ / ARP.
Hodei Iruretagoiena
Tutera
2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
«Euskara putzu sakon eta ilun bat zen». Neurri batean, hala da oraindik Nafarroako Erriberan. Hegoalderantz, Euskal Herriaren ertzera egin du 19. Korrikak zortzigarren egunean. Bazterrekoak dira hango euskaldunak, beren herrian: eremu ez-euskalduneko euskahaldunak. Cabanillas, Ribaforada, Ablitas, Tutera, Tafalla... Zenbait lekutatik inoiz pasatu gabea zen Korrika, eta ilusioz hartu zuten haren lekukoa.

Eguzkiak berotu zituen lasterkariak atzo, haizeak jo arren aldamenetik. Nekazarien soroak urpean zeuden oraindik, uholdeek putzu bihurtuta. Goizez, Cabanillas aldean zihoan lekukoa, Nafarroako banderak lagunduta sarri. «Erriberan, euskaraz; Nafarroan, euskaraz; Euskal Herrian, euskaraz», etengabeko oihua. Tuterako suhiltzaileek egin zituzten kilometro luze batzuk, amaigabeak ziruditen bideetan barrena.

Ablitasko lurretan sartuta, Errigorako kideek hartu zuten lekukoa bi kilometrotan. Dozena bat lagun baziren: nekazariak eta bestelakoak, beren olio eta barazkiak karteletan harro erakutsiz. «Fresko» zebilen oraindik Natxi Aranburu, lasterka hasi aurretik: «Bi zutabe elkartuz sortu zen ideia: euskarari ez ezik, inguruko nekazariei ere laguntza emateko». Arnasestuka ere, euskarari puzka Errigorakoak, bertako produktuekin, bertako euskalgintza sustatzen jarraitzeko.

Cascante herrira iritsita, gogor ekin zioten bideari inguruko haurrek. Haien atzetik, irakasle eta guraso ugari, animoak ematen. Ahal zuten beste korrika egin zuten Sasoian elkarteko erretiratuek ere, Iruñerritik autobusean etorrita. Handik aurrerago segituta, Aragoiko bandera bat Tuterako sarreran. Aragoieraren defentsarako elkarteek ere bat egin nahi izan zuten Korrikarekin. «Bi herri, bi hizkuntza gara, elkarren ondoan gaudenak, eta ia ez dugu elkarren berri».

Ikasleen «ilusioa»

Jendetza elkartu zen Tuteran. Argia ikastolako ikasleak goizetik aritu ziren beroketa lanetan, Porrotx pailazoa eta Su Ta Gar musika taldeko Aitor Gorosabel lagun hartuta. «Ilusio handia» egiten die Korrika beren ingurura etortzeak, Maider Ansotegi irakaslearen hitzetan. «Euskarak ikastolarako bakarrik balio diela iruditzen zaie. Askotan sentitzen dute bakarrik daudela». 203 ikasle ditu Tuterako ikastolak, eta Iratik eta Sofiak eraman zuten atzo haien lekukoa. Hunkituta zeuden; ia inoiz ez bezala, euskaraz ari ziren beren herrian, eskolatik kanpo. Kazetariekin izan arren. Ehunka lagunek jarraitu zieten. Minutu batzuetan behintzat, ez ziren bakarrik sentitu. Garai iluna dute Tuterako ikastolan: egoera ekonomiko larrian daude, ikasleei nahi adinako zerbitzurik eman ezinik.16 urtera arte soilik jarrai dezakete euskaraz ikasten; gero, Iruñera edo Gipuzkoara joan behar izaten dute. «Pozik handiena da, ikasle ohiak berriz ikustean, unibertsitatean euskaraz ari direla esatea».

Ia bihurgunerik gabeko errepideetatik iparralderantz jarraituta, Tafallan ere harrera beroa izan zuen Korrikak. Tartean, Aitziber Sarasola zena ere oroitu zuten, urte luzez AEKn irakasle aritua. Gauez, Pirinio alderantz jarraitu zuen lekukoak, Errigora, Maider, Irati, Sofia... atzean utzita. Korrika egin eta indarrak hartuta, putzu bazterretatik bidea egiten jarraitzea dute xede gaurtik aurrera ere: Nafarroako Erribera euskahalduntzeko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.