FAMILIAREN EBOLUZIOA

Puzzlea berrosatuz

Munduko beste hainbat lekutan bezala, egunerokotasunean bizitza eta bizikidetza ulertzeko gero eta joera gehiago daude Euskal Herrian; horrek familiaren barruko aldaketa eragin eta antzinako eredua ahuldu du

Pastor
DONOSTIA
2004ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Senar-emaztea eta seme-alaben eredutik guraso bakarren edo bakarrik bizi diren pertsonen eredura. Familia etengabe aldatzen ari da Euskal Herrian eta garapen horrek antzinako familia tradizionalaren gainbehera agertzen du. Eustatek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari buruz azaldu berri duen inkestak datu esanguratsuak ematen ditu. Nabarmenena: hiru herrialdeetan bikoiztu egin da bakarrik bizi diren pertsonen kopurua. 1991n 73.648 ziren, eta 2001ean 151.855. Bost familietatik bat pertsona bakarrek osatzen zuten, eta haietako %59 emakumeak ziren.Guraso bakarreko familiek ere aita edo amak eta umeren batek osatuakgora egin dute. 2001ean %50 gehiago ziren 1991n baino. Bost horietako lautan emakumea zen guraso bakarra. Bestalde, ezkondu gabe elkarrekin bizi direnen kopurua sexu berdinekoak zein sexu desberdinekoak %27 igo da.berriak familia ez-tradizional horietatik hiru eredu hartu ditu eta beraien bizimoduaz, kezkez eta gizarteak beraiekin duen jarreraz mintzatu da haiekin.

Maite, alarguna «Bakarrik bizitzea ez da hain gauza izugarria»

Maitek bi bizimodu ezagutu ditu: bikotean eta bakarrean. Duela bost urte alargundu zen, senarrarekin 24 urtean bizi izan eta gero. Orain bakarrik bizi direnen multzoan sartzen da, herritarren % 20ren artean. Eredu batetik bestera dagoen aldaketa «izugarria» iruditzen zaio Maiteri. «Nik daukadan adinerako (53 urte) nahiko zortea eduki nuen bikotearekin, ze asko konpartitzen genuen, ez dut esango dena, etxean eta lan gehiago egiten nuen, berak nik baino lan-ordu gehiago egiten zituen kanpoan, baina gehiena konpartitzen genuen». Orain, berriz, dena da berarentzat: «Alde handia da eta ohitu egin behar duzu, erreziklatu. Nik hasieran pentsatzen nuen mundua erori egingo zitzaidala eta gero denborarekin konturatu naiz ezetz, bakarrik bizitzea ez dela hain izugarria. Orain, zer esango dizut, agian disfrutatu eta dena egiten dut nire kabuz horrela». Maitek orduko une latzak ekarri ditu gogora: «Une gogorra izan zen, 16 urteko semea, adoleszentziaren gerran; ni gaixo: minbizia eduki nuen, senarra hil zenean ni orduantxe ari nintzen ateratzen, bi urte ziren operatu nindutela eta 30 kilo pisatzen nituen. Denari aurre egin beharra gogorra izan zen». Alargunen artean diferenteak ikusten ditu gizona eta emakumea. «Nik uste dut gizonezkoa eta emakumezkoa desberdinak garela, normala da. Nik ikusi ditudan kasuetan, normalean gizonezkoek berehala jotzen dute beste baten bila. Gizonezkoak galduago ikusten ditut. Eta gero, nire belaunaldikoak, zeresanik ez. Etxean ohitu direlako, gauzak beste pertsona batek egin dizkielako... galduago ikusten ditut. Badut lagun bat, ni baino pixkat lehenago alargundu zena, gizonezkoa, eta bere intentzio guztia zen bikotearekin bizitzea, ez bikotea bilatzea, harekin bizitzea. Momentu honetan pentsatzen dut ni behintzat ez nagoela horretarako». Bakarrik geratzean bizitza soziala berriro antolatu beharraz ere mintzo da: «Kanpoan laguntza bilatu dut, lagundu didate, baina ni atera naiz aurrera. Neure buruari esan nion: 'Ez, hau lehenbailehen normaldu egin behar da'; horrela jokatu nuen. Gogoratzen naiz lehenengo egunetan ama hasi zela etxera etortzen eta gero pentsatu izan dut igual nahiko modu txarrean izan zela, baina esan nion : 'Ama, nik bakarrik gelditu nahi dut, hau nire egoera da, nik horrela bizi beharko dut eta joan zaitez mesedez'. Etxetik bidali nuen, eta geroztik munduan nabil atzera eta aurrera».

Iñaki eta Marta, ezkondu gabeko bikotea, seme-alabarik gabe «Presioak egoten dira; noizean behin esaten dute: 'ea noiz ezkontzen zareten'»

«Duela sei urte hasi ginen elkarrekin bizitzen», esan du Martak «etxe diferentetan bizi ginen ordura arte». Elkarrekin bizitzera joateko erabakia ez zen «berezia» izan . «Orduan Iñaki beste etxebizitza batean bizi zen lagunekin, eta nik neure pisua neukan eta, orduan. azkenean elkarrekin bizitzera erabaki genuen».Haien ingurukoek ondo hartu zuten erabakia. «Inguruan oso gauza onartua izan zen ez ezkotzea ze, azken batean, bata bestearen pisura joaten zen, han elkartzen ginen».Dena den, presioak ere izan dira senideeen aldetik. Oraindik ere badira: «Presioak daude. Noizean behin esaten dute 'ea noiz ezkontzen zareten', eta guk barre egiten dugu eta 'abisatu egingo dizuegu' erantzun,baina oraingoz ez».

«Nire amaren aldetik, ba, estabilitate handiagoari lotzen diote ezkontza, baina tira, kontua da ondo gaudela ikusten dutela eta orduan ez dago presio izugarria ez gara horregatik haserretu. Onartu egin dute, beste kontu bat da ze gustatuko litzaiekeen».

Legearen aldetik ezkondutako bikoteen aldean diferentziak daudela dio Martak. «Guk beti jakin dugu ezkonduta ez egoteak ez digula alargun pentsioa ematen, gutako bat hiltzen denean. Desberdintasun egoera dago ezkonduekin. Gero beste diferentziak, nik uste gaindi daitezkeela, kontua ezagutzen baduzu».

Beraiek testamentua eginez konpontzen saiatu dira. «Testamentuarekin ez dugu pentsioarena konpontzen, zaila da hori, azken batean organismo publikoaren menpe dagoelako. Bainatestamenturik gabe, hildakoaren familiak heredatzen du.Orduan testamentuaren bidez muga jar diezaiokezu horri».

«Orain izatezko bikoteen legearekin ez duzu pentsiorik, pentsioa estatala delako, eta izatezko bikotearen kontua autonomi elkargoaren barruan dagoelako. Pentsioarekin hauxe diote: ezinbestekoa dela ezkonduta egotea, eta ezkontzeko edo ez ezkontzeko askatasuna dagoenez, zuk aukeratu egiten duzula azken batean. Baina pentsiorik ez duzu, beste kontu bat da seme-alabak izanez gero, orduan bai, umezurtz pentsioa jasoko lukete haiek, baina alargunak ez».

Amaia eta Ane, ezkondu gabeko bikotea, seme-alabarik gabe «Ez da justua; bigarren mailako herritarrak garela ikusten dugu»

Amaiak eta Anek hiru urte daramatzate elkarrekin. Beraiek ere diskriminazioa salatu dute legeak eskaintzen dituen aukeretan. «Guk arazo bat ikusten dugu» esan du Amaiak«nik pisu bat erosi nuen eta, lege aldetik ekiparatuta ez gaudenez, bada, ez dakigu nola egin behar dugun, niri edozein gauza gertatzen bazait bera pisuarekin geratzeko. Kristoren diferentzia ikusten dugu beste jendearekin; ez daukagu eskubiderik». Diskriminazioa beste arlo batzuetan ere ematen da. «Pentsioetan ere gertatzen da hori, gutako bat falta izanez gero, edo umeak edukiz gero ere, kristoren arazoak izango genituzke.Ez dakigu zehazki nola egin beharko genukeen, ez da justua. Bigarren mailako herritarrak garela ikusten dugu». Gizartean arazo handirik ez dutela izan dio Amaiak. Anek buruarekin konforme dagoela dio: «Herrian ez daukagu arazorik jendearekin, guk geure bizitza egiten dugu eta, bueno, berdin digu jendeak zer pentsatzen duen. Bizi garen herrian, gainera, beste batzuetan baino irekiagoak dira. Dena den, batzuetan, tabernan gaudela, begiratu egiten dute eta nik uste dut zerbait esatea gustatuko litzaiekeela, baina ez dira ausartzen politikoki zuzena ez delako».Familian ere ez dute berebiziko arazorik izan, Anek esan duenez: «Ez dugu arazorik izan, ez nire familiaren aldetik ezta Amaiaren familiaren aldetik ere». Amaiak normaltasunez bizitzen saiatzen direla nabarmendu du: «Fetxa berezi horietan, esaterako Eguberrietan eta, gehiengoak bezala funtzionatzen dugu. Egun batean bataren etxera joaten gara eta bestean bestearen etxera. Bazkari familiarrak egiten ditugu».Gizarte ohiturak Administrazioaren arauak baino aurreratuago daude: «Hasieran ez dakizu zure gurasoek zer pentsatuko duten, baina azkenean onartu egiten dute. Onartu edo behintzat errespetatu. Igual ez dira ados egongo, baina itxuraz behintzat, errespetatu egiten dute: gurasoek, ahizpek, koinatuek, umeek, ilobek... Ilobak txikiak dira, eta onartu egiten dute. Noizean behin galderak egiten dituzte, bai, galdera bereziak. Etxera etorri eta: 'hor egiten duzue lo biek, ohean?'». Seme-alabak nahi izanez geroNafarroan dagoen legediaz baliatuko lirateke: «Izatezko bikotearena egin eta tira. Badirudi Iruñean bikote batek egin zuela, baina nahikoa zaila ikusten dugu». Ezkontzaren alde daude baina ez «ilusio berezirik» dutelako,«gauzak finkaturik eta aurrera begira konponduta» edukitzeko baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.