EAEko PPren zuzendaritzak Bilbon egin du gaur iluntzean bilera, eta ez da bertan ezustekorik egon. Zuzendaritza osatzen duten kide guztiek aho batez onartu dute Arantza Quiroga izatea Antonio Basagoitiren ordezkoa. Joan den ostiralean proposatu zuten PPren Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako buruzagiek Quirogaren izena, eta berretsi egin du orain zuzendaritzak erabakia.
Antonio Basagoitik heldu den ostegunean utziko du Eusko Legebiltzarrean duen kargua, eta han nork ordezkatuko duen jakitea falta da orain —prentsaurrekoa ematekoak dira orain Basagoiti eta Quiroga—. Basagoitik, politika utzita, Santander bankuak Mexikon duen adarrean egingo du lan aurrerantzean.