POLITIKA

Quiroga: "Beti egon den tokian dago PP"

PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidentearen arabera, kide batzuek alderdia uzteak ez du esan nahi PPren "printzipioak" erori direnik.

2014ko urtarrilaren 29a
15:05
Entzun

TVE Espainiako telebista kate publikoan mintzatu da PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidente Arantza Quiroga, eta Vox alderdiaren sorreraren ondotik PPko hainbat kidek kargua utzi izanaz mintzatu da, batez ere. Azken egunetan, Aleix Vidal Quadras PPko zuzendaritzako kideak adierazi du alderdia utzi eta Voxekin bat egingo duela, eta Jaime Mayor Oreja PPko europarlamentariak iragarri du ez dela alderdiko zerrendaburu izango maiatzaren 25eko Europako Parlamenturako hauteskundeetan.

Quirogak azpimarratu du PP "beti egon den tokian" dagoela —"Espainia demokratikoaren interesak defendatzen"— eta azken egunetako gertakariak "uneotako garai gorabeheratsuen bitxikeriatzat" jo behar direla: "Ea politikan naturaltasun handiagoarekin ikusten hasten garen pertsonak momentu batez daudela eta gero bigarren lerrora igarotzen direla".

Nolanahi ere, alderdiko kide bat joateak "ez du esan nahi PPren printzipioak erortzen direnik", zehaztu du Quirogak, "atzetik beste batzuk baitatoz, lekukoa jasoz".

PP, "ETAren konplize"

Borja Semper PPko Gipuzkoako buruak, berriz, Maria San Gil alderdiko EAEko presidente ohiari egin dio kritika. San Gilek Espainiako Gobernua egin zuen Euskal Herrian bizi den "amesgaiztoaren" erantzule; kritika hori "bidegabea" iruditu zaio Semperri: "Horrela jarraituz gero, bihar esan dezake PP ETAren konplize dela edo ia-ia gu garela tiro egin dugunak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.