Arabako Diputazioan PPk proposatzen duen guztia atzera botatzen dela iritzi dio Rabanerak, eta horrek gizarteari kalte egiten diola azpimarratu nahi izan du, ETAn egin dioten elkarrizketan. Onartu du berari ere kalte egiten diola horrek, baina, garrantzitsuago irudi zaio gizarteari egiten zaion kaltea. Araban politika oso krispatuta dagoela esan du, eta sen ona falta dela. Horregaitik, PSE-EEri elkarlanerako deia egin dio, bere hitzetan gizarteari egiten ari zaien kaltearekin amaitzeko.
"Ibarretxeran plana Legebiltzarrera eraman aurretik diputazioei aurkeztu behar zitzaien"
Jaurlaritzaren Estatutu Berrirako proposamena Legebiltzarrera eraman aurretik Diputazioei aurkeztu behar zitzaiela esan du Rabanerak, izan ere, bere ustez Diputazioak dira "Autonomia estatutuaren gakoa". Bere ustez, Ibarretxeren planak "gizartea banatzen du".Legebiltzarrera aurkeztu aurretik gutxiengo adostasun bat izan behar zuen, gainera, Ibarretxeren proposamenak, bere ustez, bestela "banaketa" sortzen duelako, eta elkarrizketa "biziatuta" dagoelako. Arabako ahaldun nagusia ziur dago Ibarretxeren planak ez duela gizartearen gehiengoaren babesa lortuko.
"HZ eta Batasuna berdinak dira"
HZren baliogabetzeaz galdetuta, "normaltasunez" hartzeko esan dio gizarteari, Batasuna eta HZ berdinak direla "frogatu" baita. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak behar bezalajokatu duela iritzi dio.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PP
PPren EAEko presidente berria zein izango den afiliatuek erabakiko dutela esan du Rabanerak. Gainera, herritarrek proiektu ilusionagarriak eta moderatuak nahi dituztela uste du, eta PPk horrelakoxeak egingo dituela iragarri, eta ez "Ibarretxek bezalako politika autistak". PPren diskurtsoak Diputazioen konpetentziak gehitu beharra azalduko duela aurreratu du, hor baitago, bere ustetan "Autonomia estatutuaren gakoa".
EAEko PPk ez duela autonomia gehiago behar esan du: "nik ez dut inoiz inongo presiorik jaso ez Madrilgo gobernutik —PPren esku zegoenean—, eta ezta PPren zuzendaritzatik ere".
Politika
Rabanerak elkarlanerako deia egin dio PSE-EEri, gizarteari kalte gehiago ez egiteko
Arabako ahaldun nagusi Ramon Rabanera (PP) ziur dago Arabako Diputazioko gatazka gizarteari kalte egiten ari zaiola. Izan ere, bere ustetan PPk aurkeztutako proposamen "guztiak" atzera botatzen dira, eta PSE-EEk ez du batere jarrera ona. Beraz, elkarlana egin behar dutela uste du. Ibarretxeren planak zatiketa bakarrik dakarrela iritzi dio, eta Legebiltzarrera eraman aurretik Diputazioei aurkeztu behar zitzaiela, haiek baitira, bere iritzian, "Autonomia Estatutuaren gakoa".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu