Rafa Albisu Ezenarro hil da, ETAren sortzaileetako bat izandakoa. 81 urte zituen, eta gaixorik zegoen azken hilabeteetan. Donostiarra zen; Antigua auzoan bizi zen. Ezkondua zegoen —haren emaztea bizi da— eta lau seme-alaba zituen —haietako bat Mikel Albisu Mikel Antza euskal presoa da—.
Gorpua Añorga auzoko Errekaldeko beilategira eraman dute. Bihar ere han izango da hilotza. Etxekoak hileta astelehenean egitea aztertzen ari dira —18:45ean artean lotzeke zuten eguna—; Antiguako elizan litzateke.
1952an Ekin taldea sortu zuen, besteak beste, Julen Madariaga, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Manu Agirre, Iñaki Gaintzarain eta Jose Maria Benito del Vallerekin. 1958an Ekineko kideek ETA sortu zuten.
Iñaki Egaña historialariak dioenez, Albisuk parte hartu zuen ETAk 1961ean "fatxak" zihoazen tren baten aurka Donostian egindako ekintzan, Añorgan. Ondorioz, ehunen bat lagun atxilotu zituen Espainiak, gehienak "torturatu" egin zituen, eta tartean zen Albisu. "Haren kontrako Gerra Kontseilua eraiki zuten frankistek, ETAko militante baten aurkako lehenengoa".
Txillardegi ere aurten zendu da, urtarrilaren 14an.