Arnaldo Otegi libre aterata, ez dira Bateraguneko presoak amaitzen. Rafa Diez Usabiagak giltzapean jarraituko du datorren urteko abuztu edo irailera arte. Diezi ere sei urte eta erdiko zigorra jarri zioten, baina hura baldintzapeko askatasunean egon zen epaiketaren aurretik, etxeko egoera tarteko. Orain bete beharko ditu lehen bete gabeko egunak.
Cantabriako El Dueso espetxean dago preso Diez Usabiaga, eta otsailaren 20an espetxeetara egindako bisitetan han izan zen Lasarteko autobusa. Gutxitan bezala, martxak emandako indarrarekin aita emozioz beteta ikusi zuela esanez atera zen Naike semea bisitatik.
Eta ez Diez Usabiaga bakarrik, egun horretan giltzapean gelditzen diren 397 preso hunkituko ziren. Bateraguneko presoekin ere ez baitira amaitzen presoak. 2015eko abenduaren amaieran 409 euskal preso zeuden; Langraizko bidea hartutakoak ziren sei eta Euskal Preso Politikoen Kolektibokoak (EPPK) gainerakoak. Preso horietatik guztietatik 11 besterik ez ziren ari zigorra Euskal Herrian betetzen, eta haietako hiru etxean zeuden gatibu. Espainia eta Frantziako 73 espetxetan sakabanatuta daude gainontzekoak, eta datu horiek kontuan hartuta, senide bakoitzak 1.352 kilometroko bidaia egin behar du, bataz beste, asteburuero, hurkoa bisitatzera joateko. Gaur, 397 preso daude; horietako bost Lagraizko bidekoak.
Espetxe politikaren korapiloa
Korapilo handia dago askatzeko presoen gaian. Diez Usabiaga ere kontziente da horretaz, eta hala aitortu zion BERRIA-ri, iazko apirilean argitaratutako elkarrizketan.
Hauxe zioen presoen egoerari buruz: "ETAren erabakiak ez dauka atzera bueltarik; armagabetzeko prest dago, eta EPPK espetxe politika bideratzearen alde agertu da, baina Estatuak salbuespen lege eta neurri guztiei eusten die, gehiengoa diren erakundeen eta gizarte eragileen eskaerei entzungor eginez eta, areago, preso askoren askatzea galarazteko neurri berriak asmatuz".
Eta EPPK ere jakitun da korapiloa askatzearen nekezaz. Hala zioen behintzat otsailaren 10ean BERRIA-n argitaratutako agirian.
"Eginahalak eta bi egiten ari da bahituta gauzkan Estatu espainiarra konponbideari ateak ixteko. Horretarako, Estatu frantsesaren lankidetza du, beste garai batzuetan konponbidearen alde egondako zenbait eragileenarekin", zioen EPPK-k. Espetxeetako egoera konpontzeko, urratsak emateko prest agertu da EPPK. Baina otsaileko agirian azpimarratu zuen horrek ere badituela bere mugak: "damutzea eskatzen zaigu, ez garela damutuko jakinda; kideak sala ditzagun eskatzen zaigu, ez ditugula salatuko jakinda; sinesten ez duguna esatera akuilatzen gaituzte, halakorik ez dugula egingo jakinda. Horrek izen bakarra dauka: berariazko bidegabekeria".
Eta bereziki azpimarratzen zuten gaixo dauden presoen egoera. "Bereziki eskatzen dugu larri gaixo dauden gure burkideak askatuak izan daitezen. Otsailaren amaiera aldean erabakiko du Frantziako tribunal batek oso larri dagoen Lorentxa Gimon Kolektiboko bozeramalearen askatasuna". Gimon martxoaren 1ean askatu zuten, Otegiren egun berean, baina oraindik espetxeetan daude 10 lagun, gaixorik egonda ere.
Gaixo dauden presoen egoera zein besteena konpontzeak kezkatuta dauka ezker abertzalea. Euskal herritarren gehiengoa behin eta berriz mobilizatu da haiek askatzea eskatzeko, baina, ez da nahikoa. Hala, Rufi Etxeberria Sortuko Gatazkaren Konponbiderako arduradunak "ausardia" eskatu zion EPPKri, arlo juridikoan urratsak egiteko, otsailean Iruñean eman zuen hitzaldian. Etxeberriak ere mahai gainean jarri zuen EPPK-k jarritako marra gorria: "Ausardiaz jokatzeko garaia da. Euskal presoen kolektiboak eremu juridikoan ere ausart jokatzeko urratsa egin beharko luke, egin beharreko ibilbidea ekimena hartuz eginez, betiere damuaren eta salaketaren marrak alboratuz".
Bateragunekoak espetxera eraman zituen Zutik Euskal Herria dokumentuan esanda bezala, aldebakarreko bidea jarraitu behar dela uste du beraz Sortuk. Ikusteko daude EPPKren urratsak.