Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Rafa Diez: "Ezin dugu denbora gehiago galdu estatuaren posizioak blokeatutako geralekuetan"

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen aurrean, egoera politikoaren analisia egin du Diez Usabiagak El Duesoko espetxetik. "Lizarran hasitako eta oraindik amaitu gabeko aldaketa prozesua sakondu eta garatu" behar delakoan, EH Bildu norabide horretan indartzera deitu du.

EH Bildurentzat botoa eskatu zuten ezker abertzaleko diputatu eta diputatu ohi ugarik. Agerraldian, Rafa Diez eta Josu Muguruzaren argazkiak izan zituzten mahai gainean. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2015eko abenduaren 14a
07:26
Entzun

Prozesuaren trenera igo izenburupean Gara egunkarian argitaratutako iritzi artikuluan, Espainiako Estatuko egoera politikoa eta ezker subiranistak jokaleku horretan duen zeregina aztertu du LABeko idazkari nagusi ohiak.

PP eta PSOEren "harrokeria eta inposizioa" salatzearekin batera, Ciudadanos "Espainiako eskuinaren marka zuria" dela ohartarazi du. Jokaleku horretan Podemosek "proiekzio politikoa desitxuratu" duela uste du, "anbizio neurrigabeaz" jokatu eta termino politiko eta ekonomiko "zehazgabeak" erabiltzeagatik.

Hego Euskal Herriari begira, Diezek nabarmendu du ezker abertzalearen aldaketa estrategikoak "transformazio handia" eragin duela mapa politikoan; horren adibide gisa aipatu du independentismoa bigarren indarra dela eta erabakitzeko eskubidearen indarrak nagusi direla Eusko Legebiltzarrean nahiz Nafarroako Parlamentuan.

Estatuak alde bikotasuna baztertuta, "erasora igarotzeko unea" dela uste du, "blokeoa baldintzatu dezakeen Euskal Bidea" martxan jarriz: "Aro autonomikoa atzean utzi nahian Lizarratik irten zen trena hainbat aldiz eten da mugimendu abertzalearen akats ugariren ondorioz. Ebaluazio akatsak, gizartearen indarrarekiko konfiantza falta eta ezker abertzalearen harrokeria estrategikoa. EAJren akatsak bere klase loturen, kudeaketa instituzionalaren galeraren beldurren, neoliberalismo ekonomikoaren eta mugimendu sindikal eta soziala ez sustatzearen ondorioz".

Tren horrek, Diazen hitzetan, "itzuliak" egiten jarraitu du —"Loiola, Ibarretxe plana, kontsulta"— geraleku ugaritan, "indar politiko, sindikal eta sozial korrelazioak ongi bideratu gabe". Horren aurrean, tren hori "euskal estatua eraikitzeko norabidean jartzeko unea" dela uste du: "Jende asko dago geltokietan, norabide eta pentsaera ezberdinekin, baina baita lehentasun komunekin ere". Ildo horretan, azpimarratu du "maila politiko-instituzional, sozioekonomiko eta kulturalean oinarrizko konbergentzien unea" dela, "tren hori indar sozial askotarikoaz eta sormen, berrikuntza eta konpromisoan geldiezinaz beteta".

Ohar batekin amaitu du artikulua: "Ez dira soilik erakusleiho politikoari kolorea emateko balio duten zalantza espekulatibo, eszeptizismo kroniko edo garbizalekeria ideologikoetarako garaiak. Indarrak batu eta ilusioa piztu behar dugu gizarte talde handietan, aniztasunetik eta konpromisotik, burujabetzaren eta aldaketa sozialaren aldeko herri estrategia baten parte izan daitezen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.