Itxaropenez ikusten du Diezek etorkizuna, duela bost urte Lizarra-Garaziko hitzarmenarekin hasitako prozesua fruituak ematen ari dela iruditzen baitzaio. "Duela bost urte hasitako prozesuaren ondorioz, fase erabakigarri batean sartzen ari gara. Duela bost urte Llizarra-Garazin eszenatoki berri baterako kimua jarri genuen, eta ordutik, hainbat etapa erretzen joan dira. Segur aski, gauza asko ez ditugu ondo egin, baina etapak erretzen doaz, eta heldutasun politiko gero eta handiagoa da eszenatoki berri horrek izan beharreko forma erabakitzeko. Konbentzituta nago, azken hauteskundeen ondoren, eta ikasturte berri honetan hasitako eztabaidarekin, Euskal Herria beste prozesu batean sartzeko ateak ireki direla", adierazi du Diezek.
Hain justu, alderdien eta gainerako gizarte eragileen artean behin betiko proposamen bat lantzeko unea dela iritzi dio LABeko idazkari nagusiak: "Momentua iritsi zaigu Lizarra-Garazin sortutako kimutik abiatuta behin betiko proposamen bati forma emateko. Proposamen horrek bi hanka izan behar ditu: batetik, gatazkari irtenbide demokratiko bat emateko oinarriak, eta, bestetik, trantsizio demokratiko bat egiteko tresnak", azaldu du.
Ibarretxeren Planaren zein beste hainbat alderdik plazaratu dituzten egitasmoen haritik, azkenaldian proposamen multzo bat jarri dela mahai gainean aipatu du Diezek, baina horien guztien artean kontsentsu oinarriak bilatu behar dela iritzio dio. Ildo horretatik, ezker abertzaleak Arnaldo Otegiren bidez irailaren 26ko Eusko Legebiltzarreko plenoan egin zuen proposamena oso interesgarria iruditzen zaio LABeko buruzagiari. "Ezker abertzaleak azken egunotan autopista zabala jarri du, edukiketan oinarriuta, denon artean, elkarrizketaren bitartez behar diren proposamenak egiteko. Hortik etorriko da euskal gizarteak azken urteetan eskatzen duen jauzi kualitatiboa", azpimarratu du.
LAB eta ELAren arteko harremanei dagokienez, ostera, prozesu politiko horretan elkarlanean aritzeko bideak aztertzen ari direla esan du Diezek; hain justu, azterketa unea dutenez, impase -an daudela. Dena den, prozesu politiko berria abiatzekoetan ELAren eta LABen bultzada ezinbestekoa izango dela esan du LABeko buruzagiak.
Politika
Rafa Diez: "Momentua iritsi zaigu Lizarra-Garazin sortutako kimutik abiatuta gatazka gainditzeko behin betiko proposamen bati forma emateko"
Gaur egungo momentu politikoa garrantzitsua eta erabakigarria iruditzen zaio Rafa Diez LABeko idazkari nagusiari. Hain zuzen ere, duela bost urte Lizarra-Garaziko hitzarmenaren inguruan Euskal Herriko gatazka gainditzeko kimu bat sortu zela uste du Diezek, eta une honetan, posible dela kimu hartatik abiatuta gatazka gainditzeko balioko duen behin betiko proposamen bati forma ematea. Hala esan du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu