Politika

Rafa Diez: "Uste dut ETAk su-etenaren aukera mahai gainean jarri duela"

Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak ezker abertzaleari botatako erronkari erantzun dio gaur Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak. Hain zuzen ere, Egibarrek atzo esan zuen ezker abertzalearen une honetako ardura ETAren su-eten bat erdiestea zela. Diezek, ordea, pentsatzen du erantzunkizun hori ez dela ezker abertzalearena soilik, baizik eta alderdi guztiena. Ildo horretatik, LABeko idazkari nagusiari iruditzen zaio ETAk su-etenaren aukera mahai gainean jarri duela, eta, orain, abagune hori alderdi guztien artean landu behar dela. Euskadi Irratian egin ditu adierazpen horiek.

2004ko apirilaren 27a
13:45
Entzun
Egibarren atzoko adierazpen atzean, EAJren teoriak eta alderdi horrek egindako bidea defenditzeko asmoa dagoela uste du Diezek; hots, euren jarrera defenditzearren, egoera baketsu bat lortzeko ardura ezker abertzalearen bizkar utzi zuela legebiltzarkide jeltzaleak. Nolanahi ere, LABeko idazkari nagusiaren iduriko, argi eta garbi geratzen ari da ezker abertzalea prest dagoela "eszenatoki berri bat" lortzeko daukan guztia emateko.

Ezker abertzaleak ez ezik, ETAk ere bake egoera bideratzeko borondatea erakutsi duela iritzi dio: "Uste dut ETAk su-etenaren aukera mahai gainean jarri duela; prest dagoela eman beharreko urrats guztiak emateko. Esan bezala, ezker abertzalea prest dago behar den guztia egiteko bake eta demokrazia eszenatoki batera joateko, baina ez da, Egibarrek egin duen bezala, pilota besteen teilatu gainean uzteko momentua".

Ildo horretatik, "bake eta demokrazia" egoera hori bideratzeko alderdi guztien lana behar dela —eta horixe falta dela— azpimarratu du LABeko idazkari nagusiak. "Denok daukagu pilota gure teilatuan. Goazen denon artean gauzak behar den bezala egitera", adierazi du.

Hain zuzen ere, Nazio Eztabaidaguneak proposatutako Alderdien Mahaia zein Nazio Eraikuntzarako Kontseilua lan hori egiteko tresna aproposak dira Diezen aburuz, baina onartu du, beste batzuk ere egon daitezkeela; hala nola, EAJk nazio eraikuntzarako proposatutako Alderdien Kontseilua. "Hor dago Aberri Egunean aurkeztutako Alderdien Mahaia; hor daude abertzaleok eraikuntza nazionaleko estrategi baterako sor ditzakegun beste tresnak: Nazio Eraikuntzarako Biltzarra, edo EAJk proposatutako Alderdien Kontseilua. Baina goazen benetan gauzak aztertzera eta lantzera, eta etorriko dira beste urratsak. Ni konbentzituta nago Egibarrek aipatzen duen egoera hori hurbil-hurbl egon daitekeela". Funtsean, azkenaldian behin baino gehiagotan aipatu duen bezala, "sukaldeko lana" egitea falta dela pentsatzen du Diezek.

Ibarretxeren Planaren potentzialitatea

LABeko idazkari nagusiak esan du Jaurlaritzaren Estatutu Proposamenak —hots, Ibarretxeren Planak— badituela gatazkarentzako irtenbide bila medesegarriak izan daitezkeen puntu batzuk. Hala nola, hitzaurrean eta lehen atalean esaten dela elkarbizitza eta bake eszenatoki batera iristeko Euskal Herriaren aitortza behar dela. "Hori horrela izanik, adostasuna lortzeko akera dago. Gero, EAJk zilegitasun osoa du bere proiektu politikoa defenditzeko, Madrilekin, PSOErekin, edo nahi duenarekin negoziatzeko. Baina goazen aurrena herri gisa dugun arazo estrukturalera, eta horretan uste dut, badagoela akordioa lortzeko adina esparru".

Ekainaren 13ko Europako hauteskundeei dagokienez, larunbatean aurkeztu zuten HZ Herritarren Zerrenda ekimenari babesa agertu dio Diezek. Hautagaitza hori onartu edo ez, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainaiako presidente berriaren gobernuaren jarrera benetan nolakoa den neurtzeko test -a izango dela pentsatzen du LABeko idazkari nagusiak; hots, zerrenda horrekiko hartzen duen jarreran ikusiko dela Euskal Herriarekiko jarrera aldatzeko prest dagoenetz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.