Rafa Diez UsabiagaBateragune auziko presoak eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak ezin izan dute kartzelako bisita burutu, Dueso (Kantabria, Espainia) espetxeko zuzendaritzak bisita eten egin duelako, Diezek "dokumentu politiko" bat erakutsi diola argudiatuta, Efe berri agentziak jakinarazi duenez. Diezek, beiraren bestaldetik idatzia erakutsiz barne arauak urratu ditu hala, kartzelako arduradunen esanetan.
Dena dela, Jaurlaritzak adierazi du presoak ez diola Fernandezi dokumentu politikorik erakutsi, baizik eta bisitan egiten ari zen gogoetari buruzko "bi eskema".
Duesoko zuzendaritzak Eferi adierazi dio presoak berak eskatu zuela Fernandezekin hitzordua izatea, eta onartu egin ziotela. 10:30ak aldera hasi dute juntadizoa, tartean beira zela. Ordu erdi batera espetxeko zuzendariaren izenean langile bat Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiarengana joan da, esanez oharrak entregatzeko edo, bestela, bisita bertan behera utziko zutela. Jaurlaritzako iturrien arabera, Fernandezek erantzun dio EAEko gobernuko kide gisa zegoela bisitan eta baldintza haiekin ez zuela jarraituko.
Espetxe iturrien esanetan, euskaraz ari ziren hizketan eta biek bazekiten elkarrizketa grabatzen ari zirela espetxeko zerbitzuak. Aldiz, Jaurlaritzak ondoren esan du ez zekitela elkarrizketa grabatu egingo zutela.
2009ko urriaren 13an izan zen Bateragune auziko operazioa. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2011ko irailean zigor epaia eman zuen. 2012ko maiatzean epaia berretsi zuen Gorenak, kartzela urteak pixka bat jaitsita. Arnaldo Otegi, Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez auziko bost presoek babes helegitea jarri zuten Konstituzionalean, baina auzitegi horrek Gorenaren zigor erabakia berretsi zuen iazko uztailean.
Rafa Diezek 6 urte eta erdiko kartzela zigorra du, eta 10 urteko kargugabetzea. 2010eko apirilaren 26an baldintzapean aske utzi zuten, "egoera pertsonal-familiarrengatik". 2011ko irailaren 19an, epaiaren ostean, berriro kartzelatu egin zuten. Ondorioz, Diezek auziko beste lau lagunek baino ia hamazazpi hilabete gutxiago egin ditu espetxean. 2017ko abuztua-irailera arte egongo da kartzelan.
Beste zigortuak
Arnaldo Otegi: 6 urte eta erdiko kartzela zigorra (2016ko apirilera arte), 10 urteko inhabilitazioa.
Miren Zabaleta: 6 urteko kartzela zigorra (2015eko urrira arte), 8 urteko inhabilitazioa.
Arkaitz Rodriguez: 6 urteko kartzela zigorra (2015eko urrira arte), 8 urteko inhabilitazioa.
Sonia Jacinto: 6 urteko kartzela zigorra (2015eko urrira arte), 8 urteko inhabilitazioa.