Rafael Bengoa: «Osasun publikoaren sistema, hein batean, arriskuan dago»

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak dio «konponbideak» badaudela eta ez dela «dramatizatu» behar

mikel rodriguez
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Osasun publikoaren sistema «hein batean arriskuan» dagoela adierazi zuen atzo Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan. Hala ere, Bengoaren iritziz, «badaude konponbideak», eta ez da egoera «dramatizatu» behar. Gaixo kronikoen arreta «lehentasunezko osasun politika» bihurtzea jarri zuen horren adibidetzat. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko pediatrak ekarri nahi dituztela ere jakinarazi zuen sailburuak.

Hurrengo hamar urteetan osasun publikoaren sistema arriskuan ote dagoen galdetuta, gaur egun «hein batean» hala dagoela uste du Bengoak. Horrekin lotuta, sailburuak adierazi du «Euskadik duen gizarte eta ekonomia arazorik handiena, eta etorkizunean ere izango duena, demografia» dela.

Egoerak «konponbidea» duela nabarmendu du Bengoak, eta horren adibidetzat jarri zuen gaixo kronikoen gaineko politika: «Lehentasunezko osasun politikatzat ezarri dugu, beste autonomia erkidegoetan ez bezala. Baina guri iruditzen zaigu hurrengo urteetan jarraitu beharreko irizpidea dela eta hor ezarri behar ditugula gure ahalegin guztiak. Ez dugu jarraituko esanez arazo demografikoa dugula eta gero ezer ez egin».

Bengoaren irudiko, Osasun Sailak jarraitu beharreko estrategian beharrezkoa da gaixo kronikoak identifikatuta edukitzea.«Lehen arreta eta ospitalekoa integratzen hastea beharrezkoa da, eta gaixo kronikoak radarrean izatea, radarrean ez daudelako». Horren bidez, gaixoek behar dituzten sendagaiak identifikatu eta helarazi nahi ditu Osasun Sailak, eta «gizarte zerbitzuen bidez erizaindegi komunitario bat gaixoaren etxera doala bermatu».

Sistema hori «bi edo hiru urtean» antolatuko dutela iragarri zuen. Horren bidez, «behar gehien» duten gaixoak sailkatu nahi ditu Osasun Sailak, eta «haiekin etxera lotuta egon».

Beraz, Bengoak joan den hilean azaldutako asmoa berretsi du. Orduko hartan, osasunaren autogestioaren alde agertu zen, hezkuntzaren bidez «gaixo aktiboak» sortuz. Osakidetzak «komunitatearen barruko eta etxeko zaintzak» sustatzeko asmoa duela azaldu zuen, gaixo kronikoek ospitalean ematen duten denbora murrizte aldera. «Hamar eritasun dituen batekin zailagoa izango da, baina diabetesa duen bati bere osasuna kudeatzen irakats dakioke».

Pediatra gabeziaren arazoaz ere mintzatu zen Osasun sailburua atzoko elkarrizketan. «Euskadin pediatra falta» dago, haren ustez, eta hori ikusirik «lanerako hainbat bide» ireki dituztela jakinarazi du. Horren harira, Osasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora jotzeko asmoa du pediatra bila, «Euskadin gainerako autonomia erkidegoetan baino baldintza hobeak dauzkagulako, soldatei dagokienez».

Pediatria arretarako adina

Era berean, «beste formulak» kontuan izatea beharrezkotzat jo du, eta horien arteko bat pediatria arretarako adina jaistea dela aztertzen ari direla aitortu du. «Aukeretako bat da, baina horren inguruan ez dago ezer erabakita. Arazo hau gainditzeko hainbat alternatiba aztertzen ari gara».

«Osasun sistemaren antolaketa ez da izan behar 1970ean erabaki zen bezalakoa. Milaka aurrerakuntza teknologiko daude, eta giza baliabideak oso ongi prestatuta. Gauza asko aldatu beharra daude, eta hurrengo hilabeteetan pediatria sistema ona egongo da Euskadin».

Azken hilabeteetan eztabaidagai izaten ari da osasun sistemaren erreforma Hego Euskal Herrian eta Espainian. Hauts gehien harrotu duen gaia izan da medikuarengana joateagatik ordainarazteko proposamena. Iragan maiatzean Maria Kutz Nafarroako Osasun kontseilariak adierazi zuen une hura ez zela «egokia» hori eztabaidatzeko. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi zuen «pentsio altuena» zuten erretiratuek botikengatik ordaintzea aztertzen ari zirela. Ramon Jauregi, PSOEko eurudiputatuak, berriz, joan den astean adierazi zuen «osasun unibertsala eta aurreratua» nahi izanez gero ordainketa sistemaren bat ezartzea «posible» dela. «Gehienok doako kulturan hezi ditugu gure seme-alabak».



Gurutzetako ospitalean institutua sortuko dute, osasunaren ikerketan sakontzeko

Biocruces Institutua. Izen hori eman diote Gurutzetako ospitalean egokituko den osasunaren ikerketarako zentroari. Zabalkunde handiko gaixotasunak bezala, eritasun arraro edo ezohikoak ere ikertuko dituzte Biocrucesen. Ospitalearen aldameneko eraikin batean kokatuko dute ikerketa zentro hori. Marian Busturia Gurutzetako Ikerkuntzako zuzendariaren hitzetan, 4.000 metro karratuko eremua izango du, eta kreditu publiko batekin finantzatuko dute. Osakidetzan egiten diren ikerketa guztien heren bat egiten du Gurutzetako ospitaleak egun, eta Osakidetzak argitaratutako artikulu zientifiko guztien %40 bertako ikertzaileek egindakoak dira.

Onkologia, diabetesa, neurozientziak, epidemiologia eta biriketako fisiologiari lotutako ikerketak egingo dituzte zentroan arituko diren 250 ikertzaileek. Jakintza enpresetara eramatea ere helburu izango duela zehaztu du Busturiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.