Tratu txarrak emateagatik zigortutako gizonezkoei zein tratu txarrak eman dituztela aitortu dutenei ukatu egingo diete seme-alabak bisitatzea eta haien zaintza edukitzea. Hala zehaztu du Espainiako Justizia ministro Rafael Catalak zaintza partekatuari buruz prestatzen ari diren lege aurreproiektuari buruz. Telecinco telebista katean egin ditu adierazpen horiek.
Zehaztu du, ordea, genero indarkeria eta zaintza kasuetan "oso zaila" dela arau orokorrak egitea: "Kasuz kasu eta egoeraz egoera ikusi behar da". Zaintza partekatua gurasoak ados dauden kasuetako aukera izatea nahi dutela azaldu du Catalak.
Kritika gogorrak zirriborroari
Zaintza partekatuari buruzko lege aurreproiektuak kritika ugari jaso ditu oposizioaren aldetik eta gizarte eragileen aldetik. Izan ere, proposamenaren arabera, epaileek baimena eman diezaiokete tratu txarrengatik kondenaturiko gizonari, "salbuespenez", seme-alabekin egoteko.