«Nor naiz? Zergatik aurkeztu naiz errektore hautagaitzara? Zer aurkezten dut? Norekin?». Rafael Lara (Iruñea, 1969) Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore hautagaia da. Lafuenteren arerioa izango da hautestontzietan. Atzo hauteskunde kanpaina bukatu aurretik hitzaldi bat eman zuen NUPeko Osasun Zientzien ikastegian. Larak egin zituen galderak, eta berak erantzun zituen. «Gaur, argazkiaren atzean dagoen pertsona erakutsi nahi dizuet». BERRIAk elkarrizketa egiteko eskaria egin zion, baina asti falta eta gaur gogoeta eguna dela argudiatuta, ez egitea erabaki zuen. NUPen Medikuntza gradua jartzearen alde dago, «beste zenbait zientzia» ahaztu gabe.
«Unibertsitateak bulkada berri bat behar du. Lelo hori aukeratu dut, unibertsitatea oinarritik aldatu behar dela pentsatzen dudalako». Gaur egun plan estrategikorik gabe, eta finantzaketa planik gabe lanean ari direla salatu du Rafael Larak. «Nola eska dezakete finantzaketa, zertarako nahi duten jakin gabe?».
Bolognako plana gaizki ezarri dute, Lararen ustez. Plan horren izenean, Europako goi ikasketako esparruari ez dagozkion aldaketak egin dituztela azaldu du. «Azterketak egiteko bigarren deialdia kendu dute, Bologna dela esanez; baina hori ez da Bologna». Hauteskunde kanpainan errektoreak «hutsak konpondu» dituela aitortu du. Ezagutza eremuak kendu nahi izana gaitzetsi du, baina, hautagaiaren iritziz, Merkataritza Zuzenbide irakasle batek, esate baterako, ezin du irakatsi Erromatar Zuzenbidea.
«Gaztea naizela eta goranahia dudala esaten didate. 42 urte ditut, aurreko errektoreen batez besteko adina. Eta handinahia dut, eta harro nago. Unibertsitate irakasle eta ikertzaile naizelako dut goranahia, hain zuzen ere». Zenbait hedabidek Lararen alderdikeria aipatu dute; UPNren gertukoa dela esan dute, hain zuzen. Larak, aldiz, «bakarrik» doala azaldu du. Proposamen irekia egin duela, eta ekarpenak onartzeko prest dagoela adierazi du.
Medikuntza Fakultatea eraiki nahi du Larak. Baina ez hori bakarrik. Giza eta Gizarte Arloko gradua «ezinbestekoa» dela esan du hautagaiak. «Nafarroako Parlamentuari exijitu behar diogu».
Fakultate bakoitzaren autonomiaz eta unibertsitatearen deszentralizazioaz ere hitz egin du. «Eskola bakoitza mundu bat da, eta bakoitza modu batera edo bestera egokitzen da». Zentroek ikasleen erreferente izan behar dutela dio. Aurretik erretoreorde izan ez direnekin lan egiteko asmoa du.
Rafael Larak dio «oinarritik» aldatu behar dela unibertsitate publikoa
Lafuenteren arerioa izango da bozetan; Medikuntza eta gizarte arloko graduak jarriko dituela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu