Guardia Zibilaren teniente koronel ohi Rafael Masak ukatu egin du Santi Brouard Herri Batasuneko buruzagi izandakoaren hilketa agindu zuela. Bilboko 1. Instrukzio Epaitegiko titular Ana Gascaren aurrean deklaratu du Masak, eta Luis Morcillok egindako baieztapenaren kontra egin du. Morcillok joan den apirilaren 16an epailearen aurrean esan zuen berak tirokatu zuela Brouard, Masaren aginduz, eta zehaztu zuen atentatuaren antolaketan Julian Sancristobal zegoela, Espainiako Segurtasunaren zuzendari izandakoa.
Masak Cadizko Chiclanako (Espainia) epaitegitik bideokonferentziaz deklaratu du, lekuko gisara, Luis Morcillok apirilaren 16an egin bezala. Bi horiek eta Luis Amedo polizia ohiak Brouard kasuaren bigarren auzian deklaratu zuten 2003an, baina absolbitu egin zituzten haien kontrako frogarik ez zegoelako. Espainiako Konstituzioak debekatua du inor akusazio beragatik bitan epaitzea. Horregatik ari dira lekuko gisara deklaratzen.
Jose Amedok Bilboko epaitegian salaketa jarri zuen urte hasieran Morcilloren kontra. Amedok ustez Morcillorekin izandako elkarrizketa batean Brouard Morcillok berak hil zuela eta agindua Sancristobalek eman zuela esan ziola adierazi zuen Amedok, eta elkarrizketa grabatua zuela. Horren transkripzioa aurkeztu zuen epaitegian, Morcilloren aurkako salaketa aurkezteko. Morcillok, berriz, Masa eta San Cristobal egin zituen hilketaren arduradun.
Sancristobal epaitzea posible da. 1999an hilketa prestatu eta estaltzea, zein diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita inputatu zuten Sancristobal, baina 2000. urtean bertan behera utzi zuen akusazioa Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, "kontraesanek" ez zutela akusazioa mantentzeko adina argirik uzten argudiatuta.