PP alderdiak irabazi dituela atzoko hauteskundeak, eta beraz, berari dagokiola gobernua osatzen hastea adierazi du gaur Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteak. PPren zuzendaritzaren bileraren ostean egin du agerraldia. Bertan iragarri du alderdi politikoekin bilera erronda hasiko duela "Espaniarentzat gobernu egonkorra" osatzeko helburuz. Kazetarien galderei erantzunez ez du argitu zein formulatako gobernua osatu asmo duen, ezta ere zein alderdirekin bilduko den ere.
Hala ere, Espainiaren batasuna eta haren subiranotasuna errespetatzea ezinbesteko baldintza izango direla esan du; "espainiarren gehiengoak printzipio horien alde egin du, edozein alderdi bozkatu arren". Era berean, terrorismoaren kontrako borrokan bat egitea eta bestelako oinarri "konstituzionaletan" bat etortzea bilatuko duela erantsi du.
Rajoyk azpimarratu du Espainiako gobernu berriak hainbat "ziurtasun" eskaini behar dizkiela bai espainiarrei bai atzerriko eragileei. Horietako lehena, "Espainiaren antolaketa instituzionala" dela esan du; "edozein erreforma adostasun zabal batekin egin behar da, eta herritar guztien berdintasunean oinarrituta".
Ziurtasun ekonomiko zein soziala ere aldarrikatu ditu, baita ere Europako Batasuneko kide izateko ziurtasuna ere.
Estatu zentzua
Oinarri horietan oinarrituta, eta gobernu egonkor bat eratzeko helburuz, alderdi politikoekin izan asmo dituen bileretan eskuzabal eta "estatu zentzuaz" jokatu duela iragarri du.
Ez dio epe mugarik jarri negoziazio aldiari, baina urtarrilaren 14a aurretik hainbat akordioetara iritsi beharko dutela gogorarazi du —orduan eratuko dira gorteak—.