konstituzioaren erreforma

Rajoy: "Ezein erreforma konstituzionalik ez da egingo parametro independentistetan"

Rafael Catala Justizia ministroa estatuaren eta autonomia erkidegoen eskumenak berrikustearen alde agertu da. Eragile abertzaleen ustez, zentralizazioa areagotuko litzateke PPk konstituzioa aldatuko balu.

Mariano Rajoy. BALLESTEROS / EFE
2015eko abuztuaren 8a
11:46
Entzun

Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak konstituzioaren balizko erreformaz esandakoak ñabartu ditu Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak. Argitu du konstituzioa aldatzen bada ere erreforma hori ez dela "independentisten parametroetan" egingo, uste baitu horiek "Espainiaren burujabetza eta batasuna garbitu" nahi dutela. Esan du ez dagoela itxita konstituzioa aldatzera, baina gaineratu horretarako beharrezkoa dela alderdien gehiengo zabal baten adostasuna.

Nafarroako lehendakari Uxe Barkosentzat jarduera politikoan sartzen da konstituzioa erreformatzeko aukera, eta, beraz, ez dio gaizki iritzi Rafael Catala Justizia ministroak agertu duen asmoari. Hala ere, zehaztu duenez, ia ziurra da ez direla bat etorriko PPren proposamenarekin. 

EAJko diputatu Pedro Azpiazu, berriz, "kezkatuta" dago atzo Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak egin zituen adierazpenez eta PP prestatzen ari bide den konstituzio erreformaz. "Erreformatzeaz eta berrikusteaz hitz egiten dutenean, ziurrenik, ez dira ari guk nahiko genukeen zentzuan, justu kontrakoan baizik". 

Izan ere, Azpiazuren esanetan, 1978tik gaur arte etenik gabekoa izan da autonomia erkidegoen hainbat eskumen indarrez hartzeko PPren joera. Ondorioz, proposamen berria ere ildo horretakoa izango dela dakusate. 

Amaiurreko Iker Urbina diputatuarentzat ez da konstituzioa erreformatzeko garaia, eta, hori egiteko ez, "haustura demokratikoa" egiteko ordua heldu dela deritzo. 

Jose Antonio Pastor PSEren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ere hitz egin du Catalaren adierazpenen inguruan. Ministroak konstituzioa aldatzeaz eginiko proposamenaren harira, "fribolitatez" jokatzea egotzi dio, eta eskatu eztabaida hori Espainiako Kongresura eraman dezala.

Katalunian ere kezka

Kataluniako CDC alderdiaren idazkari nagusi Josep Rullen esanetan, "eskandalagarria" da atzo Catalak esanikoa; Espainiako estatuaren eskumenak "blindatu" nahi dituztela uste du. "Konstituzioa erreformatu nahi dute, are eta zentralitatea gehiago izateko". 

Europa Press berri agentziari emaniko elkarrizketan adierazi zuen atzo Catala Justizia ministroak hobeto defini daitekeela "autonomien estatuta". Haren ustez, estatuaren eta autonomia erkidegoen eskumenak zeintzuk diren hobeto definitzeko tartea badago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.